Leongo BTT itzulia

Aragon Bike Race bukatu eta astebete baina gutxiagora, Leongo itzulian parte hartu nuen. Ez nuen horretarako asmorik, nire buruan beste probaren bat lehiatzea zegoen urte hasieran, baina covid 19ak eraginiko atzeratzeak medio, planak aldatu eta Leon-eko itzulira joatea erabaki nuen. Gainera, lagun talde polita elkartu ginen bertara joateko.

3 etapako itzulia zen, egunero herri ezberdin batetan zelarik etapa. Gainera, kronometraturiko tarteez gain lotura zatiak ere baziren etapa batean, eta nabigaziozko etapak eta balizatuak ere baziren, hau da, denetarik zegoen

  1. Etapa

Lehen etapa La Robla-ko meatzari herrian izan zen. Hasierako eta amaierako lotura kilometro batzuen artean kronometraturiko tarte bat zegoen, zeinak etaparen sailkapena finkatuko zuen, beraz, estrategiak egiteko abagunea egon zitekeen. Etapa, orotara, 31 kilometrokoa zen, 850 metroko desnibel positiboa gainditu beharrez bertan. Lasai irten eta taldean egin genuen lehen lotura zatia, non, ireki berririko bidexka zoragarria pasa genuen. Zati kronometratua aldapa tente batekin hasten zen, beraz, su batean hasi ginen. Gainera iristean ez ginen 5-7 txirrindulari baino gehiago lasterketa buruko taldean, baina, goran zati lau bat zegoen eta atzetik jendea iritsi zen. Bigarren igoeraren hasiera pikoan, taldea guztiz apurtu zen. Indartsu hasi nintzen, baina erabat bete egin nintzen segituan eta hanka altxa behar izan nuen. Hala ere, ez nion gorputzari buelta ematen eta oraindik gehiago mantsotu behar izan nuen martxa. Oso arraroa izan zen egia esan, oso poliki egin nuen zati hau, eta hala ere, ezinean, zenbait lasterkarik pasa zidaten noski.

Jaitsieran indarrak errekuperatzen saiatu ostean, azken igoera geratzen zen, igoera etzana eta ez oso luzea. Bertan nire erritmoa hartu eta aurrerantz egin ahal izan nuen, galduriko denbora pixka bat errekuperatuz. Behin zati kronometratua eginik, poliki-poliki helmugarainoko bidea egin genuen, lagunartean hizketan. Edukiriko krisiak hala ere ez ninduen uste bezainbeste penalizatu eta 5. amaitu nuen etapa. Hala ere, pozteko motiboa handia izan nuen, nire lagun Jon Erguin-ek irabazi baitzuen etapa, beraz, gure autokarabanara etorri zen etapa garaipena.

2. Etapa

Etaparik luzeena eta gogorrena zen 2.a, eta gogortasun gehigarri handi bat izan zuen, eguraldia. Goizean goiz zirimiria hasi zuen eta egun osoan ia etenik gabe egin zuen euria. Altuera handian genbiltzan gainera, irteera eta helmuga herria 1000 metrotako altueran zegoen eta etapan zehar 1450 metrotatik gora ere ibili ginen. Gainera, euriaz gain haize lekuak ziren, ondorioz, etapako tenperatura batez bestekoa 9ºkoa izan zen, denbora guztian 7ºko minimoaren eta 11ºko maximoaren artean ibili ginelarik, uneoro, euripean. Etaparen ibilbidea 85 kilometrokoa zen, bertan 2250 metroko desnibel positiboa metatuz.

Irten bezain pronto gorantz hasi ginen, eta zenbait lasterkari gogoz irten ziren, erritmo polita jarriz, beraz, segituan 6-7 lasterkariko taldetxoa geratu ginen lasterketa buruan. Honela joan ginen kilometro askotan, baina tarteka lasterkariren bat gehiago ere elkartzen zen, batez ere bidegurutzeren batean nahastu ginenetan. Taldetxo handi xamarra zen, erritmoa biziegia ez zenaren seinale, beraz, etapako bigarren igoera nagusian erritmoa igotzeko ideiarekin nenbilen, taldea 2-4 unitatetan edo uzteko asmoz, eginiko bidean indarrez ondo ikusi bainuen  neure burua. Baina ez zen horren beharrik egon. Aurreko jaitsieran Adrián García Montes-ek azkar jaitsi eta tartetxo bat ireki zuen, taldea hautsiz. Ondorioz, igoera hasierara taldea zatikaturik iritsi zen eta denok erritmo bizian egin genuen igoera, aurrerantz egin nahian. Banaka banaka iritsi ginen gainera, baina tarte oso txikiekin. Goran, pista zabalak genituen, ia lauak, baina uneoro zertxobait gora edo behera eginez. Bertan haize eta hotz handia egiten zuen, eta pistak gurpil-arrastoz beterik zeuden, non euriarekin, arrisku puntua hartzen zuten. Horrelako batean, azkar nindoala, pistatik kanpo joan nintzen, sastraka batzuetara zuzenean. Golpe handi samarra izan zen, baina ez nuen ia minik hartu zorionez. Juxtu altxatzean, Jon pasatzen ari zen, beraz, elkartu egin ginen. Erorikoaren zorte txarrak alde positiboa ere izan zuen, Jon aurrera egiteko lagun paregabea baitzen. Biok batera egin genuen aurrera, ederki konponduz, noski, baina Jonek ez zihoala oso indartsu eta aurrera egiteko esan zidan, baina ondo gindoazela eta lasai egoteko esan nion, harrapatuko genuela Adrián. Baina egia zen, Jon indar husturik zihoan eta geratzen hasi zen, beraz, aurrera jarraitu nuen nire erritmoan.

Aldapa luze eta etzan bat igo genuen, eta amaiera aldean lasterketa buruan zioan Adrián ikusten hasi nintzen. Gerturatzen nindoan pixkanaka gainera. Jaitsiera bat izan genuen ondoren, nahiko motza eta erraza, baina oso azkar jaisten hasi nintzen eta pistatik irten nintzen. Eskapada handi samarra eginik, ahalik eta azkarren pistara itzuli eta aurrerantz jarraitu nuen, buru gehixeagorekin. Azken aldapa geratzen zen, bertan aurkako haizeak gogor jotzen zuelarik. Ondo nindoan indarrez eta azkar jaten nizkion metroak Adrián-i. Erritmoa jaitsi gabe aurreratu behar nuela argi nuen, gurpilik ez hartzeko. Eta horrela egin nuen. Nahiko hustuta zihoan gainera, eta erritmo onean pasa nuenean ezin izan zuen gurpilera sartu.

Handik helmugara azkar joan nintzen, ahalik eta azkarren, baina burua bueltaka neraman; orain ez galdu, ez zulaturik izan, ez erori jaitsieran… Helmugara iristen ari nintzen, gozatuz. Zira kendu nuen, egun osoan lehen aldiz, eta gozatuz, helmuga. 4 ordu 0 minutu eta 0 segundo, bitxia. Askotan gertu ibili eta noizbait zorte txarragatik ezin lortuz, behingoz, nire lehen garaipena. Lider ere jarri nintzen, errenta politarekin. Momentuaz gozatu eta hurrengo egunean maillot horiari eusten saiatzeko deskantsatzea tokatzen zen.

3. Etapa

Azken etapan sailkapen orokorreko lidertzari eustea beste helbururik ez nuen. Horretarako 53 kilometro eta 800 metroko desnibela zuen etapan nire errenta kudeatzen jakin beharko nuen,  errenta polita printzipioz 2 minutu eta 59 segundokoa, beraz, hasera batean, matxura edo erorikoren bat ezean, sailkapen nagusia eskuratzea nire esku zegoen. Hala ere, Adrián ez zegoen amore emateko eta etapa hasi bezain pronto, erasoa jo zuen, lehen malda pikoan, kilometro erdia ere egin aurretik. Segundo batzutako tartea ireki zuen, baina ezer gutxi. Atzean neuk gidatzen nuen taldea hasera batean, baina segituan Urko taldekidea eta Jon ere nirekin lanean ziren. Dena den, ez estutzeko esan nien, niretzat egoera paregabea zen. Adrián bakarrik zihoan aurrean, errenta gutxirekin eta guztiz kontrolaturik, indarrak xahutuz beraz. Baina gure taldea handi samarra zen eta zenbait lasterkari erasoan hasi ziren aurrera egin nahian, beraz, eraso horietako bat kontrolatzean, lasterketa burura iritsi eta elkartu egin ginen denok.

Etapa nahiko lasai eta kontrolaturik joan zen, taldean joan ginen 6-8 bat txirrindulari normalean, eta Adrián-ek erasoren bat jo zuen arren, nahiko erraz kontrolatu ahal izan nuen. Amaiera aldera, 10 bat kilometro ingururen faltan, jaitsiera tarte batean pixka bat aurrera egin zuen, tartetxo bat irekiz. Atzean denek nire gain utzi zuten ardura guztia, eta neuk tartea kontrolaturik eraman nuen, baina etapa lehiatzeko intentzioa zuen iñorren laguntzarik ez nuenez izan, horrela iritsi ginen helmugara. Adrián-ek etapa irabazi zuen segundo gutxi batzutako errentarekin eta ni 3. sailkatu nintzen etapan, itzulia poltsikoratuz.

Esan beharrik ez dago oso gustura amaitu nuela itzulia, nire lehen etapa garaipena, eta baita sailkapen orokorra ere. Agian ez zen ikaragarrizko maila izan proban, baina zenbait txirrindulari on baziren, eta irabaztea beti izaten da zaila. Ondorioz, pozez egin nuen etxerako bidea, lehena izan zena, azkena izan ez dadila amestuz.