Aragón Bike Race

2021ean ere Aragon Bike Race lasterketako irteera marran izan nintzen. Asko gustatzen zaidan lasterketa da, polita, umila eta ongi antolatua.  Nire lehen mendi bizikleta lasterketa izan zen, urte asko xamar jada, monegros-eko desertuan jokatzen zen urte haietako batean. Aldi berean, parte hartze gehien izan ditudan proba ere bada, urte gehienetan itzuli bainaiz. Azken urteetan, Calatayud-era mugitzearekin bat, ibilbideak ere aldatu dira, onerako seguraski. Faktore hauek guztiak medio, gustuko karrera da niretzat, txikitasunean handi.

Covid 19ak eraginiko atzerapen bat medio, normalean jokatu ohi dena baino beranduago izan zen 2021eko edizioa, maiatzean, eta ohiturari jarraituz, irteera marran izan nintzen.

  1. Etapa

Lehen etapa benetan ezohikoa izan zen. Aurreneko kilometroetan hiritik gehiegi aldendu gabe zenbait itzuli ezberdin izan genituen, tartean tarteko helmuga eta mendiko sariarentzat puntu ugari jokatuz. Azkar gindoazen, ibilbide ez oso gogorrak txirrindulari askori ematen baitzion sari hauek lehiatzeko aukera. Hala ere, zati honen amaiera aldera, jada, 10 bat txirrindulari soilik geratzen ginen lasterketa buruan. Zati honen amaieran zerbait arraroa ikusi genuen, zenbait lasterkari ikusi baikenituen gu aurrez pasaturiko lekuan, baina beste noranzkoan. Nahastu egingo zirela pentsatu genuen.

Behin pista batean sarturik, Calatayud-etik aldenduz, lasterketaren bigarren fasea hasten zen. Pistan gora abiatzean, ordea, motoari jarraitu genion, baina bertako txirrindulari batek, gurekin batera jarraitu zuen arren, “hemendik ez da” esan zuen. Lehen bidexka zatiaren amaieran baieztatu genuen gauzak ez zihoazela ondo. Lehen bidexka amaitu eta pista batera iristean, bertan, lasterketako txirrindulari pila zihoazen pista honetatik. Denok harriturik aurrerantz jarraitu genuen, bidegurutzeren batean gaizki sartuko gintuztela pentsatuz, atzetik aurrera egiteko asmoan.  Segituan sartu ginen beste bidexka batean, eta bertan ezin aurrera egin, izurgarrizko tapoia. Geure taldekoen artean batzuk oso urduri, pasoa eskatuz, baina beste lehiakideek “zein da hau nik pasatzen utzi behar izateko?” pentsatuko zuten noski.

Honela, berriro pistara irten eta hirugarren bidexka bat hartzerakoan arazoa handiagoa zela ikusi genuen. GPS-an lasterketaren track-arekin zihoazenak, honek aurrerantz egiteko markatzen ziela zioten, baina lasterketaren ibilbidea markatzen zuten fletxek ezkerrerantz egiteko esaten zuten. Gehienok fletxari jarraitu genion, track-a eguneratu gabe egotea posible baitzen, baina bertako lasterkariak, adibidez, buelta erdia eman eta helmugara zihoala esan zuen.

Handik aurrerako kilometroak oso arraroak izan ziren. Gure artean zalantzak geneuzkan, ea gu galdu ote ginen, besteak galdu ote ziren… Baina azkar joaten jarraitzen genuen. Guk aurrera egiten genuen, gertatutakoarekin antolakuntzak zerbait egingo zuela pentsatuz, baina denbora ez galtzeko asmotan, erabakia zein izan zitekeenaren arabera, bada-ez-bada aurrean iristea hobe izango zela eta.

Honela, 35 kilometro generatzamanean helmugara iritsi ginen, etapak 50 kilometrotik gora zituenean, eta iritsi aurreko bidegurutzeko antolakuntzako boluntarioek etapa neutralizatua izan zela jakinarazi ziguten.

Pixkanaka-pixkanaka, lasterkariak iritsi eta hauekin hitz egin heinean eta egunak aurrera egin ahala, gertaturikoa argitzen joan zen. Covid19 kasuen ondorioz Calatayud “gorrian” zegoen, hau da, positibo kasuen intzidentzia maila altuagatik neurri murriztaileekin, beraz, zenbait herritarrei egoera horretan kanpotik lasterketa bat lehiatzera jende andana etortzea ez zitzaion ongi iruditzen. Naiz eta kexatu ziren aurrez, lasterketa egitea erabaki zen, baina gustura ez zirenez geratu,  bidean zeuden markak aldatu zituzten gauean eta lasterketan gindoazen bitartean, lehiakide guztiok alde baterantz joanez, hau da, kaosa sortuaz. Ondorioz, lehiakide guztiok ibilbide ezberdinak egiten haritu ginen, eta antolakuntzak, konturatu eta ahal izan zuenean, laguntzaileei (anoa gunekoak, bidegurutzetakoak..) etapa neutralizatu zela eta helmugarantz joateko komunikatzeko esan zien. Tristea da horrelako gauzak gertatzea, baina oraindik ere bada batere tolerantea ez den jendea, eta beraiei gustatzen ez zaizkien erabakiren bat hartuz gero honelako gauzak egiteko gai direnak. Antolakuntzarekiko eman zidan pena gehien pertsonalki, izugarrizko lanak hartu urte osoan proba antolatzen, eta azken finean, lehiakide askok antolakuntzaren akatsa bailitzan hartzen dute, hauek inongo kulparik gabeko biktimak direnean, non beren probaren irudiarekiko eta hurrengo urteetako izen-emate kopuruatrkiko garesti ordaindu dezaketelarik.

2. Etapa, erlojupekoa

Era honetara, lehiaketa, arratsaldeko erlojupekoarekin hasi zen. Aurtengoan ibilbide berria estreinatzen zen, batere erabakitzen ez zuen eta inongo erakartasunik ez zuen ibilbidea, ibilbide berri erakargarri eta dibertigarri batengatik aldatuz. Bertan esfortzu azkar bezain intentsua egin genuen, ez da neure espezialitatea zehazki. Lehen kilometroetan pixka bat gorantz hasten ginen, goranzko joera hau pixkanaka handituz zihoalarik, eta ondoren  jaitsiera sigi-sagatsu bat egin ostean, malda piko bat igoz amaitzen genuen, gain txiki batean zegoen ermita batean.  Ahal nuen hobeen egiten saiatu nintzen eta 12. postuan amaitu nuen.

3. etapa

Bigarren egunean izan genuen 3. etapa izan behar zuena, 2.a izan zena, lineako etapa bakarra. 52 kilometro eta 800 metroko desnibel positiboa zuen etapak, ez zen oso gogorra. Gauean euria egin zuen eta zenbait gunetan irristakor zegoen zorua, nahiko delikatu zegoen ibilbidea. Azkar irten ginen eta segituan apurtu zen taldea buruan txirrindulari gutxi geratuz 6-8 bat. 20. Kilometro inguruan, jaitsiera batean, irrist egin eta eroriko txiki bat izan nuen. Ez zen eroriko handia izan, baina harri zorrotz ugari zeuden lurrean eta ebaki batzuk egin nituen, belaun buruan bat juxtu. Honetan nuen odolarekin ireki serio xamarra ote zen beldurtu nintzen, baina gainazalekoa zela frogatzean, zertxobait lasaitu nintzen.

Erorikoaren ondorioz, denbora pixka bat galdu eta bakarrik geratu nintzen. Hori dela eta, zenbait momentutan urrutira ikusten nuen taldea harrapatu nahian pasa nuen ia etapa guztia. 10 bat kilometro faltan, ongi kostata eta berotualdi handiarekin, harrapatzea lortu nuen, baina momentu hartantxe bertan malda gogor bat hasten zen, eta iritsi harrapatu bezain pronto berriro tartetxo bat atzerantz geratu nintzen. Helmugaraino honela joan nintzen. 9. amaitu nuen bai etapan eta baita sailkapen orokorrean ere. Ez nuen oso gustura amaitu. Etapaz disfrutatu nuen arren, aurrean egon eta garaipenaren lehian egon ahal izan nuela iruditzen zitzaidan. Gainera, lehen etapan gertaturikoak ere bi egunetatik batean etapa guztiaz ez disfrutatu ahal izanaren sentipena zekarkidan. Sentimendu gazi-gozoarekin amaitu nuen asteburua.