Euskal Herriko XCO txapelketa – San Markos

Maiatzaren 30ean San Markos-eko gotorlekuan, Errenterian, Euskal Herriko XCO txapelketa izan genuen. “Etxeko” lasterketa, naiz eta ni bertakoa ez izan, gure taldeak antolaturiko lasterketa baitzen.

Lehiatzen ditudan lasterketa motetatik gutxien gustatzen eta okerren egiten dudan modalitatea da XCO-a, ondorioz, ez nindoan inongo itxaropen edo helburu berezirekin, baina dortsal bat jartzen dugun aldi bakoitzean egiten dugun bezala, ahal nuen hobekien egin eta dena emateko asmoa nuen.

Maldan gora izan genuen irteera, errepidean. Ziztu batean abiatu ginen eta ez nintzen bereziki ongi atera baina erregulatuz, buruarekin egitea lasterketa nuen buruan. Lehen itzulia oso sentsazio onekin egin nuen, pixkanaka aurrerantz eginez, sentsazio onekin eta postu txukunetan. Baina bigarren itzuliko lehen jaitsieran atzeko gurpilean zulatua izan nuen.

Zona teknikora arte gurpila zulaturik joan behar izan nuen, tarteka oinez joan beharra izanez. Denbora pila galdu nuen, lasterketaz ahaztea besterik ez nuen, baina berotu bat hartu eta entrenamendu saio on bat bezala hartzea planteatu, eta jarraitzea erabaki nuen.

Berriz martxari ekin nion, erritmo bizian, ahalik eta hobekien egiteko asmoaz. Baina bigarren aldiz helmugatik pasa ondoren, lehen jaitsiera bukatu eta pistara iristeko puntuan, zailtasun teknikorik gabeko puntuan, erorikoa izan nuen. Ez dakit zehazki aurreko gurpilak irrist egin zidan edo eskuak manillarretik egin zidan irrist, baina ahoaz jo nuen manillarra, hala uste dut behintzat, eta ezpaina ireki eta hortz bat apurtu nituen. Hanka eta besoetan ere kolpe handi xamarra hartu nuen, eta saihetsetan ere kontusioa izan nuen.

Erorketa inozoa, baina kolpe handia. Ezpainean 3 puntu eman zizkidaten, eta hortza… Hortzoi barnean daukat apurtuta eta oraindik ez dakit endodontzia bat eginaz konponduko dugun arazoa edo hortza kendu eta inplante bat jarri behar izango ote dudan. Denborak esango du.