Copa Caja Rural – Deikaztelu

Aurrez eginiko esfortzuak asimilatzeko ongi etorri ziren zenbait asteren ondoren Deikaztelun izan nuen hurrengo lasterketa, XCO-koa, caja rural koparako puntuagarria. Aurrez ezagutzen nuen zirkuitua zen, nahiko gogorra.

Irteera urduri baten ondoren, lehen igoeran sartu ginen, banakako lerroan, aurrera egiteko tarterik gabe. Igoera amaitzean pista zati azkar bat zegoen, labur samarra, baina esfortzu intentsu batekin posturen bat aurreratzea lortu nuen.  Ondoren jaitsiera oso azkar bat zetorren, eta pista bat zeharkatu ostean oso azkar gentozela salto bat zegoen. Bertan, pare bat postu aurretik zihoan txirrindulariak eroriko gogorra izan zuen, eta nire taldekide Gexan Albisu eta nik ozta-ozta pasa ahal izan genuen albo batetik, eroriko bat edukitzetik oso gertu biok.

Ustekabe honen ondoren, lehen itzulia bukatu eta lasterketan aurrera jarraitu genuen. Nire erritmoa hartzea lortu nuen eta posturen bat aurreratu ostean pixkanaka nire lekuan jarri nintzen. Zoritxarrez, azken aurreneko itzulian sartu baino zertxobait lehen, aldagailuarekin arazoak izaten hasi nintzen. Pinoiak igotzean, kanbioak huts egiten zuen tarteka. Batzuetan ez zuen pinoirik aldatzen edo 10-20 segundo kostatzen zitzaion aldatzea. Azken bi itzulietan egoera okertzen joan zen. Gero eta gehiago kostatzen zitzaion aldatzea eta geroz eta gehiago huts egiten zuen aldagailuak.

Itzuli hauetan, naiz eta pinoi aldaketak aurreikusi eta denbora nahikoarekin kanbioaren huts egiteak aurreikusten saiatu, denbora asko galdu nuen, kasu askotan, huts egite hauen ondorioz zenbait aldapa oinez igo behar izatera ere iritsiz.

Azkenean 18. postuan amaitu nuen lasterketa. Ez nituen hanka txarrak izan, baina faktore asko daude lasterketa batean, eta oraingoan behintzat ez ziren denak ongi joan. Onartu eta hurrengo lasterketan begirada jartzea tokatu zen.