Volcat

Mediterranean Epic lasterketa bukatu eta 3 egunetara beste etapakako maila handiko lasterketa garrantzitsu bezain historiko batean parte hartu nuen. Volcat-en izan zen, Igualadan lehiatzen den lasterketa entzutetsua, UCI mailako lasterketa. Maila handiko lasterketa izanik eta Mediterranean Epic-ekiko oso segidan eta gertu izanik, atzerritik etorririko lasterkari garrantzitsu gehienek proba honetan ere parte hartu zuten. Gainera, urtero bezala, aste santuetan lehiatzen denez, espainiar askok ere lehiatzen dute bertan, opor garaia aprobetxatuz, eta euskaldunen parte hartze kopurua ere oso esanguratsua izan ohi da beti.

Neuk, nire taldekide den Gexan Albisu gaztearekin eta bere aitarekin lasterketa egun hauez gozatzeko pribilejioa izan nuen. Lau egun polit izan ziren giro onean eguraldi onaz eta lurralde kataluniarretako bidexkez gozatzekoak.

  1. etapa

Lehen etapa azkar batekin hasi zen lasterketa. Etapa motza zen, 37,5 kilometro eta 880 metro desnibel positibokoa, XCO bat ia etapa egiteko denbora kontutan hartuz gero.

Oso atzean irtetea tokatu zitzaidan eta irteeretan gaizki ibiltzen naizen arren, orokorrean, kostata, baina pixkanaka aurrerantz egiten hasi nintzen. Lehen maldetan ongi aurkitu nintzen eta aurrerantz egiten jarraitu nuen. Oso azkar gindoazen, eta bidegurutze batean nahastu ere egin nintzen. Etapa erdi aldean, ordea, arazo bat izan nuen, nire tija teleskopikoa beheko posizioan geratu zen, igotzen ez zela, ondorioz, gelditu eta eskuz igo behar izan nuen. Arazoa ikusirik, gehiago ez jaistea erabaki nuen, berriro trabaturik ez geratzeko. Tija jaisteko aukerarik gabe, honetara ohiturik egonik, zaila egiten zitzaidan lekurik teknikoenetan bizikleta gidatzea, eta baldar samar nindoan. Ez nintzen ikaragarri gaizki joan hala ere, baina normalean baino zuhurrago jokatu nuen bada-ez-bada. 58. postuan amaitu nuen lehen etapa hau.

2. etapa

Bigarren etapa luzeagoa zen, maratoi estilokoagoa, baina dena den, etapa guztiak motz samarrak ziren maratoiko modalitatekoak izateko. Etapak 58 kilometroko ibilbidea zuen, bertan 1500 metroko desnibel positiboa metatzen zelarik.

Ohitura den bezala irteera oso azkarra izan zen, baina ez nintzen eroegi irten, burua erabiliz baizik. Lehen maldak iristean atzetik aurrera egiten hasi nintzen, oso sentsazio onekin, baina talde garrantzitsu samar bat harrapatzear nengoenean juxtu, hauek puntu bat gehiago bizitu zuten euren erritmoa eta ez nintzen bat egitera iritsi. Ondoren beste taldetxo batekin elkartu eta hauen inguruan ibili nintzen, pixka bat aurrera eta pixka bat atzera eginez, baina talde honek apurtzen amaitu zuen, eta gehienak pasatzeko indarrez aurkitu nintzen. Etaparen azken zatian aurrekoen erritmoan ezin jarraituz leherturiko zenbait txirrindulari harrapatu nituen, eta hauekin elkarlanean egin nuen helmugarainoko bidea. Gustura amaitu nuen etapa, eta indarrez ere ongi, ez erabat akiturik. 55. sailkatu nintzen.

3. etapa

3. etapa hau aurekoaren oso hantzekoa zen paper gainean, 59 kilometro eta 1450 metroko desnibel positibo metatukoa, baina errealitatean, zertxobait teknikoagoa zen, bidexka kopuru handiagoa zuen.

Betiko tenoreaz hasi zen etapa, oso azkar, eta neuk ere nire betiko papera egin nuen, atzetik aurrerakoa. Herri batera iritsi ginen momentuan bertan taldetxo bat harrapatu nuen, tartean Julen Zubero bizkaitarra zihoalarik, beraz, erreferentzia ona zen niretzat talde ona zela jakiteko. Talde honetan errodatuz gustura aurkitu nintzen, baina 23-25. kilometro inguruan moztu egin nintzen taldeak jasaniko luzatu batean. Zenbait kilometro bakarrik egin ostean Karl Platt handiarekin eta beste lasterkari batekin elkartu nintzen. Karl mendi bizikletan, maratoi modalitatean, izan den mitorik handienetakoa da. Gurpil ona zela jakitun, berarekin joateko ahalegin betean aritu nintzen. Beherantz izugarri azkar jaisten zen, ikusgarri, eta dena emanda ere nahiko lan izan nuen metro batzuetara eusten. Gorantz eta zelaian ere indartsu zihoan, eta tarteka erritmoari izugarrizko bizituak ematen zizkion, besteon zorigaitzerako. Esfortzuek etekina eman zuten eta eutsi ahal izan nion Karl-en gurpilari, amaieratik gertu samar Zuberoren taldea harrapatu genuelarik berriro. Zoritxarrez, helmugatik gertu, estutualdi batean gurpila galdu nuen, eta taldeak azken kilometro lau samarretan tartetxoa ireki zidan, bakarrik joanik segituan handitu baitzen tartetxoa zena, naiz eta eroa bainitzan joan nintzen berriro sartu nahian. Helmugan gustura nintzen, baina esan bezala, hanka-sartze txiki batean minutu erdiko tartea bihurtu zena galdu nuen. Etapako 47. postua lortu nuen.

4. etapa

Azken etapara iritsi ginen honela. 38 kilometro eta 950 metroko desnibeleko etapa laburra.

Beti bezala, azkar irten ginen, baina aurreko egunetan ez bezala geldialdia egon zen taldean kilometro pare bat egin ostean, eta erritmoaren gutxitze horrek, gehiegizkoa ez zen arren, taldea luzaturik bait zihoan, eroso errodatzeko aukera ematen zuen. Aldapan gora ondo joan nintzen eta jaitsiera hasierara jada ezagun nuen baten gurpilean iritsi nintzen, Karl Platt. Oraingoan, ordea, ezin izan nion eutsi. Txekiar talde batek hartu zuen parte lasterketan, eta ia guztiok oroituko gara beraietaz, igoeretan izugarri azkar zihoazen bezala, aldapan behera izugarri baldarrak baitziren, eta hauetakoren baten atzean uneren bat egin ez gero, honen aurrekoekin jarraitzeari agur esatea besterik ez zen geratzen. Karl-en atzetik jaistean horixe pasa zitzaidan, honek txekiar bati pasatzean tartean jarri, eta agur. Hala ere, ez nindoan postu txarretan, nire lekuan gutxi-gora-behera, beraz, ez nintzen gehiegi erotu eta horrela egin nuen etapa guztia tentsio gehiegirik gabe. Etapa erraz samarra izan zen niretzat, bertan 55. sailkatu nintzelarik.

Nire balorazio globala positiboa izan zen. Sailkapen orokorrean 44. postuan sailkatu nintzen. Ez du postu ona ematen, baina aurrean sailkaturikoen izenak ikusirik, oso pozik geratu nintzen, oso jende ona zen soilik aurretik.

Lasterketari dagokionean, nire gusturako etapa motzegiak izan ziren maratoi modalitateko lehiaketa bezala kontsideratzeko, baina egia esan etapakako lasterketen joera etapa gero eta motzagoak egitearena da, XCO-ko lasterketetara gerturatuz, iraupenean behintzat, eta nire ustez honen gakoa modalitate honetatik lehiakide gehiago erakarri eta lasterkari kopurua igotzea da, azken finean lasterketa hauek antolatzea negozio bat baita.