Mediterranean Epic

XCO lasterketetan gorputzari lehen astinduak eman ondoren, Mediterranean Epic etapakako maila handiko lasterketan izan nuen urteko lehen maratoiko lasterketa, Oropesa del Mar-go herrian. 4 eguneko lasterketa zen, UCI mailarik altuenekoa, beraz, munduko txirrindulari onenak bertan ziren. Gainera, XCO-ko munduko kopa hasi gabe zegoenez oraindik, espezialitate honetako zenbait lasterkari ere bertan ziren, sasoi puntua hartzen joan eta Castellongo eguraldi atseginaz aprobetxatzeko asmotan.

Guretzat ere sasoi puntuari hobekuntzatxo bat gehiago emateko aukera zen, baina geure kasuan opor giroa genuen asmo, kasik, lasterketa bera baino gehiago. Gurean genuen neguko eguraldiaz gogaiturik, Castellon aldean egun batzuk pasatzea ia lasterketa baino erakargarri zen.

  1. Etapa

Lehen etapa erlojuaren aurkako saio motza zen, igoera bat zelarik eguneko zailtasun nagusia. 15,5 kilometroko ibilbidea zen, 550 metroko desnibel positiboarekin.

Oropesako erdigunean dagoen Torre del Mar antzinako dorrearen parean izan genuen irteera marra. Bertatik aldapan behera azkar abiada hartuz, herriko itsas paseoa zeharkatu ondoren Benicassim aldera zihoan bidegorrian barrena eginez, tunel bat pasa ondoren, urbanizazio batean aldapa gogor batean gora egin eta bidexka oso apurtu batean gora mendira sartuz. Zenbait aldapa piko pasa ostean gaintxo bat pasa genuen, ondoren zati gora-beheratsu bat eginez basoan zehar, harri arteko zenbait paso teknikorekin.

Urduri irten nintzen, oso baldar, lau aldiz hanka jartzera iritsi nintzen urduritasunagatiko akats teknikoak medio, ez baitziren horrenbesterainoko zailtasuna zuten guneak. Bihurgunerik itxienetan ere, zoru hondartsuan konfiantza oso gutxirekin nenbilen, erabat baldar. Berriz errepidera irtetean aldapan gora hasi ginen, errepidean lehenik eta pistan ondoren. Zati honetan hobeto joan nintzen, zenbait lasterkari ere harrapatuz, baina sobera ongi ere ez nintzen ibili.

66. postuan sailkatu nintzen. Etapan zehar izaniko sentsazio txarren ostean, espero baino zertxobait hobeto, zegoen maila eta aurretik nuen jendea zein zen kontutan harturik, nahikoa gustura.

2. Etapa

Bigarren etapara Castellon hirian izan genuen, 58 kilometro eta 1700 metro positiboko desnibela zuen etapa.

Oso azkar irten ginen, eta pista batean eginiko zatitxo baten ondoren, zenbait bihurgune itxirekin, errepide bat hartu genuen autopista gainetik pasa eta harrobi batean pista zabal bat hartuaz mendian gora abiatuz. Lasterketa erabat luzaturik zihoan eta aldapan gora hasi bezain pronto taldea guztiz apurtzen hasi zen. Atzetik aurrera pixka bat egin nuen, eta alboan nuen jendea zein zen ikusita neure buruarekin harriturik nindoan.

Pista amaitu ostean bidexka ezberdinetatik zihoan ibilbidea, oso gora-beheratsua eta dibertigarria, ibilbide azkarra. 3-4 kideko taldetxo bat osatu genuen, maila onekoa, eta bertan joan nintzen tarte batean, sentsazio nahikoa onekin, baina igoera luze xamar baten azken zatian gomarena egiten hasi nintzen, eta zenbait aldiz taldean sartu eta irten ondoren taldearekiko kontaktua galdu nuen.

Tarte luze bat egin nuen bakarrik ondoren. Ibilbidea polita zen, euskal herrian dugun terrenoarekin konparatuz oso ezberdina, baina polita eta dibertigarria, lehorra eta harritsua, baina bidexka politez josia.

Tarte batean aragoar jator batekin joan ostean, azken zatian sartu nintzen, indarrez ongi oraindik, jaitsiera oso polit eta tarte bihurgunetsu baten ostean helmuga marra zeharkatuz.

61. postuan iritsi nintzen. Pena pixka batekin lasterketa erdi partean galduriko taldean jarraitu ez gero oso etapa polita egin ahal izango nuelako, baina gustura halere.

3. Etapa

3. etapa berriro ere Oropesan izan zen, herriaren erdigunean dagoen “La Concha”ko hondartzaren pareko paseotik irtenaz. Zeru lainotua zegoen eta irten baino 5 bat minutu lehenago zirimiria hasi zuen, lasterketaren lehen ordu laurdenean, gutxi-gora-behera, bidelagun izan genuelarik.

Etaparik luzeena zen, 92 kilometrokoa, baina desnibel metatua ia aurreko egunekoa adinakoa zen, 1800 metrokoa. Lehen zatian eginiko igoeraren ondoren, etaparen zati handiena “desierto de la palmera” delakoan barrena gauzatzen zen, azken zatian berriro kostara jaitsiz helmuga gunera iristeko.

Atera eta gutxira urbanizazio batera iristeko aldapatzar bat igo behar izan genuen, esfortzu betean, taldea apurtuz. Ondoren, aldapan behera eginiko jaitsiera motz bezain azkar batean, goraka eginiko tartetxoak handitu egin ziren. Bigarren talde batean aurkitzen nintzen, 30-40 bat lasterkariko talde bat zelarik aurrean.

Asko kostata, taldean gogor tira ostean, aurreko taldearekin bat egitea lortu genuen. Era honetara iritsi ginen eguneko lehen igoerara. Bertan, gogor borrokatu ostean nahikoa postu onean gora iristea lortu nuen, baina bertan izugarrizko tapoia egin zen bidexka tekniko batean sartzean, eta oinez, banakako lerroan egin genuen aurrera, aurrez eginiko esfortzua alperrik izan zela ikustearen amorruaz.

Zati hau pasatzean bakarrik aurkitu nintzen, eta ondorengo 30 bat kilometro inguru bakarrik egin nituen, bertan zen bigarren igoera batean okerxeago aurkitu nintzelarik, baina hau ulergarria zen, bakarrik neramatzan kilometro horietan indar xahuketa handia egiten aritu bainintzen.

Azkenean 3-4 kideko taldetxo batek harrapatu ninduen eta hauekin batera aurrera egiten jarraitu nuen. Horrela egin genuen aurrera, azken aldatxo bat igo ostean aldapan behera oso jaitsiera tekniko bezain polit bati aurre egiteko. Helmugara indarrekin iritsi nintzen 3.egun honetan ere, seinale ona izanik hau, batez ere eginiko etaparen ondoren.

52. postuan sailkatu nintzen, gustura.

4. Etapa

Azken etapa soilik geratzen zitzaigun lasterketa amaitzeko. 47 kilometro eta 1050 metroko desnibel positiboa zuen etapa zen, Oropesan hasi eta amaitzen zena oraingoan ere.

Lasterketaren hasiera lehen etapako prologoaren ibilbide berdinetatik zihoan. Oraingoan, aurreko egunetan harturiko konfiantzarekin, ondo joan nintzen, zati tekniko guztiak erraz gaindituz eta taldean postu politetan nindoalarik.

Zati honen ondoren aurkitu genuen igoeraren lehen zatia ere lehen etapakoaren berdina zen. Bertan oso ondo aurkitu nintzen, postu dezente aurrera egin eta Bulls taldeko 3 kide eta beste pare bat txirrindulariz osaturiko taldearekin aurrera eginez.

Igoera amaitu ostean bidexka batean jaitsiera polit bezain azkar eta teknikoari ekin genion, baina ondo jaitsi arren, nire taldeko kideak zergatik lortzen dituzten lortzen dituzten emaitzak ikusi nuen, asko saiatu arren, hauei jarraitzea guztiz ezinezkoa egin bait zitzaidan. 

Tarte gora beheratsu bat egin genuen ondoren, bakarrik nire kasuan, azkenik jaitsiera oso tekniko bezain arriskutsu bat egin eta helmuga marra gurutzatzeko, aurrez hondartzan barrena ere egin ondoren. Azken zatian, nire burua estutzeko, 2 ordutik jaisteko helburua jarri nion neure buruari.

56. iritsi nintzen azken etapa honetan.

Oso gustura amaitu nuen lasterketa. Naiz eta izugarrizko lasterketarik ere egin ez nuen arren, uste baino hobeto ibili nintzen, batez ere denboraldi hasiera zela eta lehen maratoiko lasterketa nuela kontutan hartuz. Gainera, orokorrean eguraldi ona izan genuen, eta lau egun polit pasa eta Castellon aldeko txoko ezberdinak ezagutzeko aprobetxatu ahal izan genuen.

57. postuan sailkatu nintzen sailkapen orokorrean, eta bereziki gustura bertan aurrean nituenen izenak irakurririk.