Copa Caja Rural – Fitero

Martxoaren 21.ean Fiteron aurkeztu ginen, caja rural kopako bigarren proba puntuagarriari ekiteko asmoz. Zirkuitu gogorra genuen aurrean, aldapa gora eginez bira erdian zehar, ondoren helmugara jaitsiz berriro.

Aurreko egunean inguratu ginen Fiterora etxe aldean genuen eguraldi txarra aitzakiatzat harturik, beraz, zirkuitua ikusteko aukera izan genuen. Esan bezala, igoera luze batez eta jaitsiera batez osatzen zen zirkuitua. Orbea-k bizikleta bat probatzeko aukera eman zidan lasterketa honetan, ondorioz, berritasunekin aurkezten zen lasterketa niretzat. Atzealdean esekidurarik gabeko bizikleta zen, oso arina. Jaitsieretarako ez hain egokia, aurrean bakarrik zuelako esekidura eta ez zuelako tija teleskopikoa, baina zuen arintasunak aldapan gora errazago egitea ahalbidetzen zuen.

Lasterketari ekin bezain pronto, lehen bihurgunea hartu eta goranzko bidean hasi ginen. Hemen, ordea, lasterketan eragina izango zuen beste faktore bat aurkituko genuela ikusi genuen. Haizeak indartsu jotzen zigun saihetsetik, eta zirkuituaren lehen zatian bereziki, eragin handia zuen honek, babesgunerik ez baitzegoen. Zati honetan, ahal izan ez gero, beste txirrindularien ezker aldean babestea zen aukera egokiena, baina ez zen erraza, lasterketa hasieratik erabat apurtu baitzen, eta zati honetara beste lasterkideren batekin iritsiz gero hauek ere, besteen babesa bilatu nahi izaten baitzuten, hau da, denok asmo berdina genuen.

Irteera txar baten ondoren, nire estiloan, pixkanaka aurrerantz egiten hasi nintzen, aldapan gora. Aldapan behera zertxobait galtzen nuen, baina gehiegi ere ez. Bigarren itzulian Gexan Albisu taldekidea harrapatzean biok batera aurrera egin eta ahal zen heinean elkar laguntzeko asmoarekin jarraitu genuen ekinean. Beheko aldean bereziki, haizegunean, indarka aurrera egin eta babesa eskaintzen saiatzen nintzen. Honela egin genuen itzuli bat baino zerbait gehiago, baina bigarrenean, aldaparen azken zatian zertxobait atzera geratu zen eta aurrera eginez jarraitu nuen.

Honela egin nuen lasterketa amaitu arte, jada aurrera askorik egin gabe, nire lekuan. Dena den, zorte txarrak bisita egin zidan beste behin eta azken jaitsieran atzeko gurpila zulatu nuen. Jaitsiera soilik geratzen zen eta konpontzeko aukerarik gabe, aurrera jarraitu nuen lasterketa amaitu arte, gurpila inongo haizerik gabe helmugaratuz. Bi postu galdu nituen zati honetan, 12. Helmugaratuz, baina ez zidan asko inporta emaitzak egia esan.

Ez nuen oso lasterketa ona egin, baina ezta oso txarra ere, beraz, ez nuen oso atsekabeturik amaitu. Denboraldi hasieran geunden oraindik eta pixkanaka hobetzen joatea zen helburu.