Copa Caja Rural – Kaparroso

Banyoles-eko karrera baino astebete beranduago lehiatu zen lehen lasterketa gure lurretan. Kaparroso-n izan zen, caja rural kopako puntuagarria izango zen lehen proban.

Zirkuito azkarra eta polita zen, dibertigarria. Covid 19-aren egoeraren ondorioz bertan behera geraturiko proba oldearen ondorioz, jendea lehiatzeko gogoz zegoen, eta Kaparroso-n agerturiko lehiakide kopurua ikaragarria izan zen. Hori dela eta, irten eta segituan izugarrizko tapoia sortu zen, hanka lurrera bota eta debora ugari geldi egon beharrekoa. Oso atzean irtetea tokatu zitzaidan eta ondorioz tapoiak gehien eragin zienetarikoa izan nintzen.

Zirkuitu ia guztia bidexka bat zen, helmugako tartean eta beste puntu batean zegoen pista zati batean soilik zabaltzen zelarik bidea, ondorioz, oso zaila zen aurrera egitea eta naiz eta indarrez ondo joan zain egon beharra tokatzen zen sarritan, naiz eta askotan lekurik ez zegoen guneetan ere, nolabait, aurreratzea lortzen nuen.

Honela egin nituen lehen itzuliak, baina 3. itzulian zela pixkanaka jaisten zihoala konturatu nintzen. Jarraitzea pentsatu nuen, nola-hala, gehienean zutik. Baina oso umore txarrez nindoan, ezin aurrera egin gehienean, zela jaitsita, eta talde handi samar baten atzean, denak aurreratzea ikaragarri kostatzen zelarik.

Laugarren itzulian nindoanean, taldetxo honetan, bihurgune itxi batean erori nintzen, oso poliki. Ez nuen minik hartu, baina nire umore txarrak muga gainditu zuen. Helmugatik oso gertu nintzen eta buila batzuk bota ondoren, helmuga marrara iristean lasterketatik irten nintzen.

Ez zait sekula lasterketa batetik erretiratzea gustatu izan, baina egun hartan pasaturiko guztiak gainditu egin ninduen, eta bero-beroan horixe izan zen nire erabakia. Berriz ez gertatzeko esperantzarekin etxeratzea tokatu zen.