Banyoles

Lasterketa gabeko hilabete ugariren ondoren Banyoles-ko “Copa Catala Internacional”-eko proba entzutetsuan ekin genion aurtengo denboraldiari. Ikaragarrizko maila zegoen, urtero bezala, ia munduko kopa batean adinakoa, bertan zirelarik munduko mendi bizikletako txirrindularirik onenetariko gehienak. Dena den, gure helburuak apalak ziren, ahalik eta hobekien egin, ondo pasatu eta pixkanaka, karreretako erritmoa hartzen hasi.

Eguraldi zoragarriarekin, otsaila izanik are gehiago eskertzen dena, irteera marran ginen igande goizean. 252 lehiakide ginen irteera marran, beraz, argi zegoen banakako lerroan jartzean zirkuituan  sartzerakoan ikaragarrizko tapoia egingo zela. Ziztu bizian atera ginen, eta lehen bihurgunea pasa bezain pronto, txirrindulari bati katea apurtu eta izugarrizko tapoia egin zen, guztiz geratu eta martxari berrekiteko itxaron egin behar izan nuelarik. Oso atzeraturik geratu nintzen, 200. postutik atzera seguruenik.

Martxari berrekin ostean, segituan aurkitu nuen lehen tapoia. Pista zatitik lehen bidexkara sartzeko estutzean, izugarrizko tapoia. Horrela egin genuen lehen bira. Oso atzean nindoan, eta izaniko trabak kontuan hartuz, oso zaila ikusten nuen lasterketa lehen sailkatuek atzetik harrapatu gabe amaitzea.

Dena den, erritmo polita hartu eta pixkanaka aurrera eginez nindoan. Sarritan tapoiak aurkitu nituen eta gune askotan ezin aurrera egin aurkitzen nintzen, baina tartetxo bat aurkitu bezain pronto nire erritmoan joateari berrekiten nion.

Azkenean, lehen sailkatuek harrapatu gabe iristea lortu nuen, 96. postuan. Ez da postu ona, baina lasterketa nola joan zen ikusirik eta izaniko sentsazioak onak izanik, nire lanarekin gustura amaitu nuen.

Asteburu bikaina pasa genuen beste behin Banyoles-en; eguraldi aparta, leku polita eta talde giro paregabea.