Kataluniako Nazioarteko Kopa – Santa Susana

Urriko lehen astebururako, zenbait taldekidek Bartzelona alderako bidea hartu genuen bertan “copa catalana”-ko 6. proba puntuagarrian parte hartzeko, Santa Susanna-n. Bartzelonako kostako herritxo honetan zirkuitu polit batek itxaroten gintuen, azkarra eta arriskutsu xamarra, baina benetan dibertigarria.

Ostiralean joan ginen Kataluniarantz, larunbatean zirkuitua ikusi eta igandean lasterketa lehiatzeko planarekin. Larunbatean zirkuitua ikustean aurrez deskribaturiko zirkuitua aurkitu genuen. Bidexka politez josia, ez oso gogorra aldapa aldetik, eta jaitsiera azkar eta estuz betea. Ez ziren jaitsiera oso teknikoak, baina bai oso azkarrak eta hautsiak, non abiada handia hartzea oso erraza zen, eta edozein akats txiki oso garesti ordaindu zitekeen. Neronek larunbateko errekonozimendu itzulietan eroriko gogor xamarra izan nuen, kontutan hartzeko moduko kolpea hartuaz, baina beno, kolpea, iganderako ia oinazerik ez.

Eguraldi zoragarriaz, igande goizean, karrerari ekin genion. Maila handia zegoen, “copa catalana”-ko edozein probaren gisan, UCI mailako proba internazionalak baitira. Azkar irten ginen, pista zabalean, lehenengo “start loop” delariko lehen itzuli laburragoan. Pixkanaka atzetik aurrera eginez nindoan maldan gora, baina oso atzean atera nintzen, irteerako parrillan posturik ez nuela segurutzat eman bainuen, baina ez zen horrela, eta beranduegi azaldu izanagatik, tokatzen zitzaidana baino atzerago atera behar izan nuen; akats galanta.

Lehen itzulian pixkanaka aurrerantz egiten jarraitu nuen, baina jaitsieretan zuhur xamar nenbilen, eta lasterkari askok tartea segundo ugari kentzen zizkidaten zati hauetan. Bigarren itzuli aldera, neure tokia izango zenera iritsi nintzen, eta gora-behera txikiren bat salbuetsiz, inguru horretan egin nuen lasterketa.

Nire erritmoan joan nintzen lasterketan zehar, igoeretan pixka bat aurrerantz egiten banuen ere, jaitsieretan irabaziriko denbora, edo zertxobait gehixeago, errekuperatzen zidaten. Azken itzuliko azken jaitsieran, lasterkari bat gerturatzen ari zitzaidala nabaritu nuen, baina zertxobait gehiago estutzean, pare bat susto txiki izan nituen. Azkenean ia helmugan bertan, aurreratu egin zidan.

Dena dela, gustura geratu nintzen lasterketarekin, eta baita eginiko postuarekin ere, 32. Lasterketa polita izan zen, zirkuitu polit eta dibertigarriaz gozatuz, giro paregabean. Asteburu osoa ere, orokorrean, oso ona izan zen, taldekideekin giro onean, leku zoragarrian, eguraldi paregabea… Horrelakoak balira aste-bukaera guztiak, ez ginateke gaizki egongo!