LaTramun

Urriaren 18an Latramun maratoiko proba entzutetsuan parte hartu nuen, Gironan. UCI Marathon Series-etako probetako bat da, ezaguna bere ibilbidearen ia osotasunean bidexketan barrena doalako lasterketa. 2020 denboraldi honetako nire azken lasterketa izan zen Latramun.

Gironako helmuga eremuan autobusa hartu eta irteera gunea kokaturiko Cooperativa de la Vall d´en Bas-era eraman gintuzten lasterkariak goizean goiz. Bertara iristean egiten zuen hotzaz gainean generaman arropa gutxiarekin nolabait babesten saiatzen ginen, baina hotz handia egiten zuen. Paisaia polit bat egunsentiko lehen argi izpiek nola bistarazten zuten ikusteak itxarotea zertxobait entretenigarriagoa egin zuen arren, irten arteko itxaronaldia luze xamarra egin zen. 

Ziztu bizian irten ginen, errepidean, eta zenbait bidegurutzeren ondoren, 5 bat kilometro inguruko aldapa bat igotzeari ekin genion. Azkar zihoan lasterketa, eta  segituan hasi zen taldea apurtzen. 20 bat kidetan geratu zen taldea, eta neu ere taldearekiko metro batzuk galduta nindoan. Neure erritmoan igo nuen, ondo, taldetik atzeratzen ziren lasterkariak pasaz, taldetik gertu xamar uneoro.

Errepidea amaitu eta kilometro inguru basoan barrena malda gogorretan gora egin ostean tarte gorabeheratsu tekniko batean sartu ginen. Bertan, segituan, konfiantza falta nabaritu nuen. Zorua labainkor samarra zegoen, baina bereziki baldar nindoan. Gainera, bizikleta berri batekin ari nintzen parte hartzen eta honek ere ez zuen gehiegi lagundu. Dena den, hau ez zen aitzakia izan, urte osoan erabiliriko bizikletaren modelo berdina baitzen. Zati honetan katea ere pare bat aldiz atera zitzaidan, eta ondorioz aldagailuarekin suabe ibili behar izango nuela ikusi nuen.

Lasterketak aurrera egin ahala, ibilbidearen teknikotasuna etengabea zela ikusten nuen eta zati asko arriskutsu xamarrak ere baziren, beraz, jokoan gauza handirik ez nuenez, arrisku handirik ez hartzea erabaki nuen. Gorantz egiten zuten zonalde oso tekniko edo maldatsuetan hanka atera beharreko gune gehiegi zeuden nire gusturako.

Lasterketan ordu eta erdi inguru neramanean ur-potoaren euskarriaren torlojuetariko bat askatu eta erori zitzaidan. Geratu eta zer egin pentsatzen jarri nintzen. Torlojua galdurik, berriro ezin muntatuan nengoen, desmuntatuz gero, berriz, non sarturik ez nuen. Azkenean, nire eguna ez zela ikusirik, pikutara, horrelaxe jarraitzea erabaki nuen, noizbehinka maldizioren bat botaz euskarria mugitu eta pedalei eragitea oztopatzen zidalako.

Ahalik eta gehien disfrutatzen saiatu nintzen ibilbideaz, baina zaila izaten da eguna horrelakoa suertatzen denean disfrutatzea. Ibilbidea oso teknikoa eta polita zen, lasterketan tentsio batean joateko teknikoa agian, nire gustorako, baina entrenamendu batean patxadaz egiteko ikaragarri polita. Zenbait jaitsieretan, benetan zati arriskutsuak zeuden eta min handia hartzeko arriskua zegoen. Harri handi batzuk pasatzean eroriko gogor xamarra ere izan nuen, akatsa txiki bat egin izanagatik, baina zorionez kolpea bakarrik izan zen.

Anoa postuetan ere geratu nintzen. Martxan jan eta edateko leku handirik ez zegoen egia esan, eta gainera, denbora pixka bat gehiago galtzea ere ez zitzaidan batere axola. Anoa postuetan gainera inoiz baino motelago zioan dena, Covid 19aren ondorioz izugarrizko babes neurri pilarekin baitzebiltzan.

Eguna guztiz biribiltzeko, katearekin eta aldagailuarekin geroz eta arazo gehiago izaten ari nintzen. Zenbait jaitsieretan katea plateretik atera zitzaidan hauetariko kasu batean izugarrizko korapiloa egin eta minutu ugari behar izan nituen berriro katea bere lekuan jartzeko. 

Aldagailuarekin izaniko arazo batean berriz, bidexka estu batean nindoala, katea atera, oreka galdu, eta mendian behera erori nintzen sasietara. Komeria ugari izan nuen handik ateratzen, buruz bera nengoen aldapan, sasiek eutsirik, ia ezin mugitu sasien ziztadagatik. Halako batean, kostata atera nintzen, lasterkari bat ateratzen laguntzeko eskaini zitzaidan momentu berean. Asko eskertu nuen eskaintza dena den.

Azkenean, hankak odoldurik, jenio txarrean, helmugara iristea lortu nuen, asko gozatzeko egun batean, batere gozatu gabe. Horrelako egunak ere izaten dira, eta horrelakoen ondoren, egun onak gehiago baloratzen dira, zorionez. Helmugan atera zidaten argazkian nire umorearen zantzuak argi ikusi daitezkeela iruditzen zait.

Honelaxe amaitu zen urte arraro honetako nire lasterketa denboraldia. Hurrengoa hobea izango denaren esperantzarekin amaitu dut, urte zail honen ostean gauzak hobetzea ez baita oso zaila izango eta.