Copa Caja Rural – Arazuri

Lazkaoko karreraren oinazeak oraindik gorputzean nabariak zirelarik, Arazuriko lasterketako irteera marran nintzen igandean, hilak 27, Caja rural kopako azken proban parte hartzeko prest.

Zirkuitu oso erraza zen, aurreko egunetako euriengatik zirkuitu originala ez zegoen bertan lasterketa bat egiteko moduan, eta ondorioz, zirkuitu sinpleago batean egin zen lasterketa. Zirkuitu laua eta azkarra zen, dena pistan, kilometro inguruko igoeratxo bat bakarrik zuen zailtasun bezala.

Irteera marran oso atzean nengoen, eta gainera, lehen bihurgunean, nire aurreko txirrindularia erori egin zen eta erabat gelditu behar izan nintzen neu ere erortzea ekiditeko. Dena den, aurrean lasterketa irabazteko hautagai nagusiak elkarri begira zihoazen, eta erritmoa bizia zen arren, ez zihoazen esfortzu betean eta lehen itzuliaren hiru laurden inguru egiterako aurreko postuetara iritsia nintzen.

Hemendik aurrera, hurrengo itzuli guztiak berdinak izan ziren niretzat. Itzuliaren lehen zatian taldean joan, erritmo eramangarrian, igoerara iristean ahal bezain indartsuen igo, gizon indartsuenekiko ahalik eta denbora gutxien galtzeko, eta jaitsieran eta handik helmugarako tartean gogor eragin pedalei berriro ere aurrekoekin bat egiteko. “Serieak” egiten direneko entrenamendua zirudien. Tarte bat %100ean, eta ondoren errekuperazio denbora bat berriro esfortzu berdina egin arte, eta horrela hainbat alditan.

Lasterketan hasieran ihesaldiren bat egon zen, baina taldeak kontrolaturik eraman zituen ihesaldi hauek. Dena den, hautagai nagusiak erabateko elkarren zaintzan zihoazen, eta hori aprobetxatuz, Jon Munitxak 3 edo 4 itzuli faltan aurrera egin zuen eta hautagaien arteko elkarren markaketak lagundurik, tartea egin eta helmugaraino bakarrik iristea lortu zuen.

Nire aldetik berriz, aurrez aipaturiko gidoia izan zuen nire lasterketak, salbuespen batekin, azken igoeraren ondoren ez ginela berriro taldetxoan elkartu, normala den bezala. 8. amaitu nuen lasterketa. Gustura geratu nintzen emaitzarekin, baina ez zen izan gehien disfrutatu dudan mendi bizikleta lasterketa konkretuki.