Gipuzkoako Txapelketa – Lazkao

Gau osoa etengabe euria eginez pasa zen. Eta ez zuen atertzeko asmorik. Hotza egiten zuen gainera. Hori zen momentuko panorama lasterketarako gauzak prestatzen hari nintzenean. Bitartean, lasterketara joateak merezi ote zuen galdetzen nion etengabe neure buruari. “Joateko inongo obligaziorik ez daukat”, esaten nion neure buruari, eta euria eta hotza ez ditut gogoko. “Zergatik egiten dut hau?” Disfrutatu egiten dudalako. “Baina eguraldi honekin disfrutatu egiten duzu?” Lasterketa batean agian bai, bizikletan ateraz gero, oso gutxitan.

Pentsamendu hauek etengabe neure buruan bueltaka zebiltzala gerturatu nintzen Lazkaora. Bertan, asko berotu gabe, hasi aurretik asko bustitzeko gogo gutxi genuelako guztiok, probari ekin genion. Irteera neutralizatuan eroriko handi bat izan zen, azkar xamar gindoazenean gainera, eta ondorioz geldi egon ginen irteera ofiziala eman aurretik erorikoak harrapaturikoak itxaroten. Ez zen egoerarik gustukoena lasterketari ekiteko, bustirik, euripean zenbait lasterkariren zain eta gorputzean beldur puntu batekin, erorikoan atzetik jo eta juxtu-juxtu erorikoa libraturik.

Irteera ofiziala eman bezain pronto abiadura bizian abiatu ginen alegiara konturatzerako iritsiaz. Ordurarteko ibilbidea laua zen, pixka bat beherantz egiten zuelarik eta ihesaldiak egiteko ibilbide desegokia. Hori dela eta, ihesaldi saiakerek bultzaturik, alegiarainoko bidea oso azkar egin genuen, eta behin bertara iristean, modu berean hasi genuen orendaingo lehen igoera.

Pelotoiaren atzealdean hasi nuen igoera eta atzetik aurrera eginez egin nuen igoera, pelotoiean sortzen zihoazen hausturak ekidinez. Esan bezala azkar igo ginen, ihesaldi saiakera asko egon baitziren, eta azkenean bi lasterkarik aurrera egin eta ihes egitea lortu zuten, baina pelotoia ere 20-25 unitatetakoa soilik izatea eragin zuen igoerako erritmo altuak.

Argazkia: Fernando Plazaola (Photoplazaola)

Dena den, pixkanaka atzean geraturiko lasterkari gehienak pelotoira berriro batzen joan ziren. Hurrengo bi itzuliak lasterketa kontrolatu baten gidoiarekin joan ziren, inongo aipatzeko moduko gertakaririk gabe. Orendainerako igoerak bizi xamar egiten ziren, baina ez gehiegi ere, eta atzean geratzen ziren lasterkariak berriz pelotoira itzultzea lortzen zuten, normalean. Aipagarriena eguraldia zen, hotza eta euria, etengabe. Igoeran zertxobait berotzen ginen arren, ondorengo jaitsieran berriro hozten ginen, eta alegiarainoko ibilbidea ere azkar egiten zen, abiada handian, beraz, haizeak gorputzean genuen hotz sentsazioa handitzen bakarrik laguntzen zuen.

Gisa honetan iritsi ginen orendaingo azken igoeraren hasierara. Aurreko itzulietan baino tentsio handiago egon zen portuaren hasierarako hurbilketan, normala den bezala. Azken itzulia zen eta lasterkari guztiek zekiten lasterketa momentu horretan hasiko zela erabakitzen, beraz, denek pelotoiaren aurrealdean hasi nahi zuten portua igotzen.

Argazkia: Fernando Plazaola (Photoplazaola)

Igoera hasi bezain laster caja rural taldeko zenbait kide jarri ziren lasterketaren buruan, erritmoa bizituz, baina lehen kilometroa amaitu baino lehen laboral kutxako txirrindulariak pasa ziren tropelburura erritmoa are gehiago bizituz.

Ahal bezain pronto tropelaren aurrealdera pasa nintzen, edozein mugimendu egon ez gero erreakzionatzeko moduan izateko. Igoeran zehar zenbait erasoaldi egon ziren eta hauetara irten nintzen, taldetxoren bat sortu eta aurrera egitea interesatzen baitzitzaidan. Igoera bukatu ostean, zati lau baten ondoren beste igoeratxo bat zegoen, eta bertan, taldetxotik alde egiten saiatu nintzen, baina segituan harrapatu ninduen tropeltxoak.

Larraitzera iristeko zuzengunean ihesaldi saiakera bat izan zen eta lau txirrindularik segundutxo batzuetako tartea hartu zuten. Zaldibiarako jaitsiera hastear zela, erasoa jo nuen aurrekoekin bat egiteko, eta aldapan behera, errepide bustian aurreko jaitsieretan baino arriskuren bat gehiago hartuaz, tartetxoa handitzea lortu genuen.

Argazkia: Fernando Plazaola (Photoplazaola)

Nire helburua segundu gutxi batzuetako tartearekin igoera hastea zen, atzekoen aurretik helmugara iristeko nahikoa izan zitekeela iruditzen baitzitzaidan, baina zaldibiara iristear geundenean atzeko taldeak irentsi gintuen.

Honelaxe iritsi ginen azken igoeraren hasierara. Kilometro eta erdi inguruko igoera zen, oso gogorra, %20ko maldak ere gainditu beharrekoa gora iristeko. Hormigoi bustian bihurgune txar baten ondoren aldapan gora hasi ginen. Ez nintzen ahalegin betean hasi. Gogor, baina dena eman gabe, erritmoan, Baranbioko lasterketaren ostean, aldapa amaitu baino lehen lehertzeko beldur puntu batekin.

Argazkia: Gorka Telleria

Oso ondo aurkitzen hari nintzen, eta atzetik aurrera egin nuen ahalegin betean sartzearekin batera. Tarterik gogorrena pasa ondoren, kilometro erdi faltan edo, portuak tarte gogorrak eta zelaitxoak tartekatzen zituen, eta bertan lasterkariren batek pasa ninduen. 8. sailkatu nintzen helmugan. Gustura amaitu nuen, emaitza txukuna eta irabazteko lehian egoteko ahal ziren ahalegin guztiak egin nituenaren sentipenak aseturik. Elite mailan Gipuzkoako txapeldun geratu nintzen eta podiumeko argazkitxoak ere eguna borobiltzen lagundu zuen.