Espainiako XCO txapelketa – Valladolid

Esperientzia berri bat bizi eta asteburu pasa polit bat egitea, horixe nuen pasa den aste-bukaerarako plana, eta helburuak ongi beterik itzuli naiz etxera. Valladolid-en pasa dut asteburua, XCO-ko Espainiako txapelketak ikusi eta lehiatzen.

Larunbatean master, 23 urtez azpiko eta jubenil mailako mutilek lehiatzen zutenez, ostiralean joan nintzen Valladolid-erantz taldekide batekin, lasterketa hauetan lehiatzen zuten taldekideei esku bat botatzeko asmoarekin.

Igande eguerdian izan nuen lasterketa nik. Inongo presiorik gabe kokatu nintzen irteera marran. Okerren ematen zaidan modalitatea dela jakinik, maila oso altua zegoela kontutan harturik eta lasterketa ona eginda ere, lehen sailkatuek ez doblatu eta lasterketa amaitzea zaila zela jakinik, ahalik eta hobekien egin eta disfrutatzeko helburu soilarekin irten nintzen lasterketara.

Irteera eta helmuga kokatzen ziren zuzengunea erabat lokaztua zegoen, hanka lurrean jarri ez gero bertan trabaturik geratzen zelarik, ondorioz irteera arriskutsu xamarra izan zen, bizikleta gurutzatu egiten baitzen, eta ondorioz zenbait balaztatze gogor egin behar izan genituen erorikoak saihesteko.

Ziztu bizian irten ginen pistan gora, eta lehen bidexka lokaztua aurkitu bezain pronto izugarrizko tapoia egin zen. Alboetatik pasatzen saiatzen hasi zirenek ere lokatza aurkitzen zuten hankapean, irrist egin eta tapoia handitzea soilik lortuaz. Segidan, zubitxo bat pasa eta basoa zeharkatzen zuen bidexka batean sartu ginen. Bertan aurkitzen zen zirkuituko igoerarik gogorrena eta luzeena. Igoera hau egiten hari nintzenean, zatirik gogorrenaren hasieran koroak igotzen, aurrean nuen txirrindulariak hanka atera zuen bat-batean, eta bere aurka ez jotzeko neuk ere gauza berdina egin behar izan nuen. Momentu horretan, koroak jaisten hari nintzela hanka ateratzean, atzeraka pausoren bat eman nuen oreka mantendu eta ez erortzeko, eta ondorioz, katea koroa txikira jaitsi zen gurpilak atzerantz biratzean, eta plateretik ere katea irten egin zen. Txirrindulari artean geratu nintzen, bidearen erdian, eta zertxobait baztertu, katea sartu eta berriro abiatzeko minutu bat baina gehiago behar izan nuen. Publikoko mutil batek ere, nire zailtasunak ikusirik, lagundu zidan katea berriro bere lekuan jartzen.

Hasiera ederra, irten eta segituan, azken postuan minutu batzuetako galerarekin, ederra panorama! Berrekitean, ahal zen lasterketa hoberena egin, ahalik eta beranduen harrapa nezaten saiatu eta zirkuituaz disfrutatu behar nuela pentsatu nuen, beste guztia ahaztuaz.

Erritmo onean berrabiatu nintzen, eta gustura nindoan nire lasterketarekin, lasterkariak harrapatu eta pasaz etengabe. Zirkuitua estua zen, bidexka bat ia bere osotasunean, eta ondorioz, askotan moteldu behar izan nuen nire martxa, lasterkariak harrapatzean, hauek pasatzeko moduko zatiren bat aurkitu arte.

Argazkia: Luis Manuel Macho (https://ciclismoandalucia.com/)

Gainerako guztian dena oso ongi zihoan. Erritmo onean, disfrutatuz, zirkuitua lokazturik, baina ez erabat, gustura errodatzeko moduan zenbait gunetan kontuz ibiliz.

4. itzulia pasa ostean, tarteka atzera begira hasi nintzen, ea lasterketa burua ikusten nuen edo, hauek, harrapatuko nindutela aurreikusten bainuen lasterketa hasi aurretik, eta are gehiago lehen itzuliko gertaeraren ondoren.

Honelaxe egin nituen 5. eta 6. itzulia, batez ere, 6. itzuliaren azken zatia. Bertan, atzera begiratu eta harrapatuko ez nindutela ikusteak garaipen bat adina balio izan zuen niretzat.

Argazkia: Luis Manuel Macho (https://ciclismoandalucia.com/)

Azken itzulian disfrutatzea bakarrik izan nuen helburu. Presiorik gabe, lasterketa amaituko nuela jakinik, lasterketaren tentsioa ere ahazturik, nire Paris-eko Eliseo zelai partikularra izan zen itzuli hau.

39. sailkatu nintzen helmugan. Ez da emaitza oso ona agian, baina lasterketan gertatutakoa ikusirik oso gustura amaitu nuen. Lasterketa amaitze hutsa garaipentxo bat izan zen niretzat. Gainera, XCO-a nire ezaugarriak nolakoak diren jakinik, okerren ematen zaidan modalitatea da, beraz, are gusturago oraindik.