Euskal Herriko Txapelketa – Baranbio

Urtebete baina gehiago zen ez nuela errepideko lasterketa batean parte hartzen, eta ondorioz, zalantza eta urduritasun sentimenduen arteko nahasketa bat nagusitzen zen nire gorputzean irteera marran kokaturik nengoelarik.

Baranbion zen lasterketa, Araban, eta amateur mailako euskal herriko txapelketa zen lehiatzen zena.  Ibilbide gorabeheratsua zuen lasterketak, eta amaieran, aldapa gogorra Garrastatxuko baselizan kokaturiko helmuga marrara iristeko.

Argazkia: Ixone Núñez

Lasterketaren lehen bi orduak ez ziren oso gogorrak izan , baina ez zen atsedenik ere egon. Ihesaldi saiakerak osatzen ziren uneoro, baina hauek ez zuten arrakastarik lortzen, atzetik talde guztiek beren interesekin bat ez zetorren ihesaldirik ez baitzuten uzten joaten. Ondorioz, erritmoa bizi xamarra izan zen uneoro, ihesaldi saiakerek eta hauek saihesteko ahaleginek sortua.

Lasterketaren tenorea kontaturikoa izan zen, baina 3. itzulian, itzuli bakoitzean pasatzen zen portutxoan, caja rural taldeak erritmoa bizitu zuen taldea zertxobait txikitu eta aurkarien indarrak ikusteko.

Azken itzulia ezberdina zen, motzagoa zen, baina lasterketa amaiera izanik erritmoa ere biziagoa izan zen, ihesaldi saiakeraz betea. Itzuli honetan, 3. mailako portutxora iristean caja rural taldeak berriro ere erritmoa bizitu zuten, aurreko itzulian baina are gogorrago oraindik. Taldea erabat puskatu zen, eta beste txirrindulariren batek azelerazio honi segida emanaz, aurrekaldean 15-20 bat kideko taldetxo bat geratu ginen.

Argazkia: Fernando Plazaola (Photoplazaola)

Mendatetxoaren gainetik azken igoeraren hasierara kilometro gutxi batzuk soilik zeuden, eta ia denak aldapa behera edo, beheranzko joeran. Honela, Garrastatxuko baselizara igotzen zen eguneko azken mendate gogorraren hasierara 15-20 kideko taldetxo bat iritsi ginen lasterketa buruan, pelotoiarekiko 5 bat segundoko aldearekin. 

Igoeraren lehen maldetan ez nintzen gaizki aurkitu, baina mendatearen erdi parera edo iritsi baino lehentxeago 5-7 txirrindulari geratzen ginenean lasterketa buruan, atzerantz egiten hasi nintzen. Mendatearen malda irregularretan ezin erritmo txukun bat aurkitu eta zenbait lasterkarik aurreratu ninduten.

Azkenean 12. gurutzatu nuen helmuga marra. Elite mailan 2. gelditu nintzen, eta podiumaren argazkiak eguna zertxobait goxatzen lagundu bazuen ere, ez nintzen batere gustura geratu nire lasterketarekin. Egun osoan zehar oso sentsazio onekin ibili nintzen, eta eginiko azken igoera txarrak ez zidan batere aho zapore ona utzi. Pena da, baina besterik ez dago, egun guztiak ez dira berdinak izaten.

Argazkia: Ixone Núñez
Argazkia: Ixone Núñez