Colina Triste

Urte arraro honetan, non UCI-ko egutegiko ia proba internazional guztiak bertan behera geratu diren, salbuespentzat hartzen genuen Colina triste lasterketan parte hartu ahal izatea, eta ondorioz, lasterketaren maila ere oso altua zen, lasterkari guztiak bertan baitziren aurtengo egutegiaren proba kopuru eskasia medio. Azken egunerarte zalantzak genituen ez ote zen bertan behera, batez ere azken egunetan entzuten genituen hiri ezberdinen konfinamendu perimetral kasuak medio.

Argazkia: Seaparic photography (https://www.facebook.com/sergio.aparicio.1297)


Era honetan, El Burgo de Osma aldera abiatu ginen lasterketa honetan nire bikote izango zen Joseba Albizu azpeitiarra eta biok. Colina triste lasterketa binakako taldeetan lehiatzen da eta nire kasuan Joseba Albizu-rekin taldea eratzeko luxua izan nuen. Joseba errepideko txirrindulari profesional ohia da, eta azken urteetan mendi bizikletan dabil, ultramaratoiko Europako txapelketa behin baino gehiago irabazi duelarik, beste hainbat lorpenen artean.

1. etapa

Abuztuaren 6an irteera marran ginen, izugarrizko maila zegoen irteera marran, eta aurrez pentsa zitekeen gisan, izugarrizko abiadan irten zen lasterketa. Lasterkarien maila altua eta aspaldian eginiko lehen lasterketa izatea ziren erritmo biziaren kausa nagusiak, baina lehen etapa honen ibilbidea, ia bere osotasunean, pista zabaletatik joateak ere erritmoa oso bizia izan zedin laguntzen zuen.

Etapa hasi eta 15-30 minutu ingurura erorketa bat izan zen talde nagusiaren lehen postuetan, eta ekidin izan genuen arren, gu geunden aldean izan zen eta mozturik geratu ginen.

Lehen taldearen erritmoa oso azkarra zen eta ia ezinezkoa zitzaigun berriro aurrean sartzea nahiz eta hauengandik oso gertu joan. Hala ere, erorketan harrapaturiko DMT talde indartsuko bikote batek atzetik harrapatu gintuen laster, eta hauen atzetik joateak dezente lagundu zigun, erritmo oso honean bait zihoazen eta hauen babesean indar gutxiago xahutuz bait gindoazen.

Honela joan ginen hainbat kilometrotan, bidexka batean egiten zen jaitsiera zati labur batera iritsi arte. Bertan, gure taldean zihoazen batzuk motel jaitsi ziren, eta gu hauen atzetik aurrera ezin pasaz aurkitu ginen, DMT-ko bikoteak aurrera egin zuelarik.

Dena den, naiz eta erreferentzia eta laguntza paregabe hau galdu, pedalei gogor eraginez jarraitu genuen, eta pixkanaka-pixkanaka atzetik aurrera eginez gindoazen, zenbait lehiakide harrapatuz tarteka.

55. kilometro inguruan ordea, dena okertzen hasi zen. Karranpak sentitzen hasi nintzen, eta hemendik aurrera pixka bat hanka altxa behar izan nuen egoera gehiegi okertu ez zedin. Puntu honetatik helmugarainoko tartea biziraute ariketa bat izan zen, galerak ahalik eta txikienak izan zitezen saiatuz.

Azkenean, 27. postuan sailkatu ginen helmugan. Oso juxtu iritsi nintzen helmugara. Amorru pixka bat sentitu nuen, lasterketa txukuna egiten ari ginelako baino gehiago, Josebari galga lana egin eta postu hobe batean sailkatzea oztopatu izanagatik.

2. etapa

Aurreko eguneko emaitzari buelta eman eta dezepzio sentipena uxatzeko asmoarekin, kemen handiaz irten ginen bigarren etapan. Bigarren etapa honetan ere izugarrizko abiadan irten zen lasterketa, eta laster hasi ziren lehen eteteak egiten talde nagusian. Azkar gindoazen, eta lanak izan arren, lehen taldean jarraitzen genuen, eteteak saihestuz.

Etapako lehen ordu erdia egindakoan, gutxi-gora-behera, zorigaitza. Joseba erori egin zen ezkerretara egiten zuen bihurgune batean bere belaunarekin lurreko harriak kolpatu zituelarik. Ebaki oso itsusia egin zuen, azal zati bat zintzilik geratu zitzaiolarik. Hala ere, segituan berrekin zion martxari. Lasai hartzeko esan nion, behar izan ez gero gelditu edo erretiratu behar bazen ere, egingo genuela, osasuna lasterketa baino askoz garrantzitsuagoa baita, baina Josebaren indarra ikusgarria da, eta hasierako lehen pedalkadetan pixka bat xuabeago ekin arren, ebaturiko azala eskuaz bere lekuan hala-nola jarri eta segituan zen berriro indar izugarriaz pedalei eraginez.

Berriro erritmo bizian  abiatu ginen, atzetik aurrera. Baina hainbat kilometro egin ondoren, hurrengo egunetan errepikatuko zena gertatu zen. Bat-batean, ezinean nindoan, hilda, arrastaka. Tenperatura altuak genituen, eta esfortzu betean gindoazen, baina ez zen egoera normala. Bat-batean, hutsik nengoen, ez zen ¨pajara¨ edo hustualdi normala. Gainera, etaparen erdi alderako gertatu zitzaidan, oso goiz, ez zen akidura normala. Oraindik ere, ez nuke jakingo zehazki zer pasa zitzaidan esaten.

Honela jarraitu genuen, motel, ni ezinean eta Joseba, tamalez, niri itxaroten. Egoera honetan Julen Zubero eta Jose Luis Gomez-ek osaturiko bikote benetan atseginarekin elkartu eta aurrera jarraitu genuen. Iturri bat aurkitu genuenean, ura hartzen ere geratu ginen, beharra baitzegoen, eta argi nuen eguna ahal bezala amaitzea zela helburu berria. Iturrian aurkituriko emakumearen komentarioek ere ez zuten gehiegi lagundu, bero handia egiten zuela, asko geratzen zitzaigula eta ibilbidea gogorra zela esan baitzigun. Komentario ederrak kementsu berrekiteko lasterketari!

Kilometro batzuk egin ondoren, Josebak zulatua izan zuen, eta ziztu bizian konpondu zuen arren, gindoazen taldeak alde egin zigun.

Etaparen azken zatia benetan gogorra zen. Han, ahal bezala, pixkanaka-pixkanaka gindoazen aurrerantz, bero handipean, egarriz. Anoa guneetan laguntza paregabea genuen, Josebaren aita eta semeak azkar eta ondo ematen baitziguten beharrezko guztia. Hala ere, etapa amaieran urik gabe gelditu nintzen, eta azken maldetan, erabat hilik nindoan, zorabiaturik. Esfortzua, egarria, beroa… faktore guztiek eragina zuten gorputzean eta oso gaizki nindoan.

Hala nola, helmugara iristea lortu nuen, erabat hustuta. Josebarentzat erabateko karga nintzenaren sentipenarekin penaturik. 42. postuan sailkatu ginen, oso gaizki. Baina okerrena, Josebaren belauna izan zen. 4 puntu eman behar izan zizkioten etapan zehar gaizki ixten hasi zitzaion zauria ireki eta ondo garbitu ondoren. Oinez egiterakoan pixka bat errenka egiten zuen, baina bizikletan, ezin berari segi, eta ezta kexarik txikiena ere. Gizon benetan gogorra!

3. etapa

Gisa honetan, bi etapa txarren ondoren, 3. etapari ekin genion. Irteera azkarra izan zen, ohitura bihurtua zen bezala, eta laster ikusi zen bikote asko aurreko etapa gogorrean eginiko esfortzua ordaintzeko zeudela.

3. etapa hau aurrekoak baino menditsuagoa zen, eta segituan hasi ginen maldan gora. Ondo egin genituen lehen igoera eta lehen jaitsiera, erritmo onean, postu txukunetara iritsiaz. Bigarren igoera ere oso txukun egin genuen, eta gustura gindoazen, baina bidexka batean behera gindoazela seinalerik ez zegoen bidegurutze batetara iritsi ginen. Aurrez bidegurutzeren bat gaizki hartu eta galdu egin ginen. 10-15 minutu gutxienez egin behar izan genituen bizikletak eskuan harturik maldan gora oinez, aldapa oso pikoa eta teknikoa baitzen.

Ibilbidea aurkitzean berriz ekin genion lasterketari. Dena dela, aurreko egunetakoaren ondoren, pasaturikoak ez zitzaigun gehiegi axola izan, aurrez jada sailkapen nagusian erabat galdurik gindoazen.

Hurrengo aldaparen amaieran, aurreko egunean bezala, bat batean erabat husturik aurkitu nintzen. Ezinean, arnas pixka bat hartzeko gelditu egin behar izan nuen, ez zen normala hura.

Hala nola, igoera amaitzea lortu nuen, eta jaitsiera oso polit bati ekin genion. Baina hemen ere, zorte txarra. Jaitsieraren amaieran atzeko gurpilean zulatua izan nuen, beraz, lasai-lasai, gurpila konpondu, eta martxa berriro.

Jaitsiera amaitzean Zubero-Gomez bikoteak harrapatu gintuen, aurreko egunean bezala. Bikote honekin baso batean, erreka baten albotik, zati oso polit batean errodatu genuen, Julen Zuberoren erritmo bizian azkar baina gustura, ikaragarri gozatuz.

Azken igoeraren amaieran indar hustutzen hasi nintzen berriro, eta indarrez juxtu xamar pasa nuen tontorra. Jaisten hasi eta denbora gutxira, ordea, gurpila zulatu nuen berriro, baina oraingoan oso zulo handia izan zen, eta kamara sartu behar izan genuen etapa amaitu ahal izateko, naiz eta helmugatik hiruzpalau kilometrotara bakarrik aurkitzen ginen. Denbora ikaragarri pasa genuen gurpila konpontzen, baina ez zuen axola.

Azkenean, beste zoritxarreko etapa bat. 38. sailkatu ginen, denbora pila galdurik. Desastre!

4. etapa

Azken etapa! Azken indarrak xahutu eta aurreko hiru zorigaiztoko etapen ondoren aho zapore on batekin amaitzeko helburuarekin irten ginen.

Irten bezain pronto maldan gora gindoazen. Lehen bidexketara iristean sorturiko pilaketetan, atzera xamarrean geratu nintzen, eta gogor ekin behar izan nion aurrera egin eta Josebaren gurpilera iritsi ahal izateko, baina iritsi nintzen, eta postu onean errodatzen ari ginen. Lehen portua amaitzean, ez zen berehala jaitsiera hasten, zenbait kilometro gora beheratsu egiten ziren lehenik, eta bertan nahikoa komeria izan nituen aurkitzen ginen taldetxoari jarraitzeko, “gomarena” egiten bait nindoan.

Behingoaz jaitsierara iristean ordea, atzetik zetozen lasterkari ugari sartu ziren taldean, oso motel jaitsi bait ginen, taldearen aurrealdean jaisten hasi zen lasterkari batek tapoi handi xamarra egin baitzuen.

Jaitsieraren ondoren pista lauetan zehar kilometro ugari geneuzkan eta talde handi xamar batean errodatuz gindoazen aurrera. Era honetan iritsi ginen lehen anoa gunera, eta hemen egin nuen eguneko akatsa. Ura hartu nahi nuen, baina ez nituen Josebaren aita eta semea ikusi eta ezin izan nuen urik hartu. Gainera, gelditzea ez zen aukera bat, geldituz gero taldearen gurpila galduko bainuen, eta etaparen ibilbideagatik, oso garrantzitsua zen tarte honetan taldean mantentzea.

Ondorengo kilometroetan, hondar-gune batzuetan taldea, taldetxo txikiagoetan banatu zen. Orbea Factory-ko bikoteak eginiko etete batek harrapatu ninduen, Josebak aurrera egin zuelarik, eta berotu handi xamar bat hartu behar izan nuen Josebaren taldetxora iristeko.

Bigarren anoa gunearekin amestuz nindoan kilometro ugaritan, urik gabe eta erabat egarriturik, larri. Iristetik kilometro erdi ingurura nengoela, taldetik pixka bat geratzen hasi nintzen, baina bertan nintzen. Azkenean, amesturiko lekura iristean, bi ur-poto hartu beste bat ia osorik trago batean edan, eta gel bat azkar batean jan ostean, berriro abiatu nintzen.

Baina berandu xamar zen. Anoa gunetik ateratzen azken igoera hasten zen, eta erabat ezinean nindoan. 10-15 minutu inguru kostatu zitzaidan gorputzari pixka bat buelta ematea. Ezinean joan nintzen, lehiakide ugarik aurre hartu zidatelarik, eta igoeraren azken laurdenera iristean hasi nintzen pixkanaka taxuzko erritmo bat errekuperatzen.

Azken jaitsiera oso polita zen, tekniko xamarra, eta ziztu bizian jaitsi nintzen, galduriko denbora errekuperatu nahian. Jaitsiera amaitzetik helmugara 5-10 kilometro inguru zeuden, guztiz lauak, pistan, ematekoak. Gainera, haizea aurka genuen, eta asko kostatzen zen aurrera egitea, baina pixkanaka, sufrituz, helmugarantz gerturatuz nindoan. Josebak aurrera egin zuen anoa gunean, eta helmuga baino zertxobait lehenago itxaron zidan helmugara batera iristeko.

25. postuan iritsi ginen. Etapa honetan bereziki aho-zapore txarrarekin geratu nintzen, behingoz inongo arazorik gabeko etapa bat izatea lortu, eta hemen ere huts egin bainuen.

34. postuan amaitu genuen sailkapen orokorrean. Oso gaizki denetik pasa bait zitzaigun, baina ez dago aitzakiarik, lorturiko postuan pisu gehiena nire errendimenduak eta akatsek izan zuten. Ahazteko moduko lasterketa, eginiko akatsetatik ikasteko balio izatea espero dut behintzat. Amorrurik handiena Joseba bezalako taldekide indartsu bat izan eta hain lasterketa txarra egiteak ematen dit ordea. Gainera, berak, sekulako pazientzia izan zuen nire zain egonez, eta ez zuen aurpegi txar bat ere jarri lau egunean. Barkatu Joseba!

Amaitu aurretik, Josebaren aita eta semeari ere eskerrak eman beharrean nago, sekulako laguntzaileak izan baitziren lasterketa guztian zehar, beti laguntzeko prest, ez zitzaigun ezer falta izan.