Izkue

Hilabete luze ugariren ondoren, helburu eta horizonte argirik gabeko bizikleta saio askoren ondoren, dortsal bat berriro bizkarrean jartzeko garaia iritsi zen. Abuztuaren 2-an izan zen, Izkue-ko herrian, XCO modalitateko euskadiko txapelketan.

Irteera marran kokatu nintzen, inongo presiorik gabe, gorputzari estutu bat eman, zer moduz nengoen ikusi eta lau egun barru hasiko zen “Colina triste” lasterketarako kalitatezko entrenamendu bat egiteko asmoz. Covid19-aren ondorioz lasterketek bete beharreko protokolo guztiak zintzo bete ostean, ia konturatzerako, martxan ginen. 

Azken postuan irten nintzen beroketa lanak gehiegi luzatu izanagatik, eta hasi bezain pronto aurrerantz egiten hasi nintzen. Lehen bidexka zatia iritsi zen segituan, eta bertan sartzean taldea banakako lerroan jarri eta lehen diferentziak egiten hasi ziren. 

Bidexketan aurrera egiteko lekurik gabe, bidexken artean zeuden pista zatietan erritmoa igo eta aurrera egiteko aprobetxatzen nuen. Sentsazio onekin nindoan, postu asko aurreratuz, eta buelta bat eta erdi eman ondoren 5-10. postuetan zihoan talde batera iritsia nintzen.

Argazkia: Mundutikbegietara https://www.mundutikbegietara.org/nor-gara

Baina egoera horretan nintzela, zorte txarra, atzeko gurpila zulatu nuen. Bertan lasterketa uzteko gogoa izan nuen, baina oinez helmuga marraraino jarraitu nuen zona teknikoan gurpila aldatu eta gorputzari estutu bat ematen jarraitzeko. Gurpila aldatu eta berriro martxan nintzen, lasterketaren haria galdurik, inoiz ez baita berdina izaten zulatu ondorengo egoera hau XCO-an, baina estutuz, entrenamentu polit bat egiteko asmoz. 

Atzetik aurrera hasi nintzen berriro, baina hirugarren buelta hasi eta segituan, berriro ere zulatua. Zorte txarra berriro, eta gune teknikora iristeko zirkutoari buelta guzti bat oinez eman behar niola ikusirik, lasterketa uztea erabaki nuen.

Zorte txarreko eguna. Hala ere, atzetik aurrera egin eta edukiriko sentsazioak eta erritmoa ona iza zirela eta, baikor izan eta colina triste lasterketari aurre egiteko egoera onean nengoela pentsatuz amaitu nuen eguna.