Etxetik irtetea: nahia edo betebeharra?

Garai zailak izaten hari dira. Egun asko daramatzagu etxean sartuta gure askatasuna izugarri murrizturik, eta gainera, egoera honen amaiera urrun ikusten da. Egoera gogorra da, eta espainiar estatuan harturiko konfinamendu neurriak beste herrialdeetakoak baina gogorragoak dira gainera.

Nire iritziz, egoera gogorra izatetik jasangaitza izatera pasatzeko puntutik gertu gaude. Jasangaitza ikuspuntu bat baina gehiagotatik, bai mentalki, eta baita ekonomikoki ere.

Hainbeste denbora etxean sarturik egotea, etxetik ateratze ahalbidetzen uzten duten salbuespenak hain urriak izanik, oso gogorra da gure osasun mentalarentzat. Denbora pasatzeko egin daitezkeen gauza ezberdinak egoera normalean baino askoz gutxiago dira, eta egunero egiten duguna beti berdina dela iruditzea oso ohikoa da. Gainera, gure begiek ikusten duten inguruneen barietatea ere oso txikia da, honek ere neke mentala sortuaz.

Hauek eta beste faktore gehiagoren ondorioz osasun arazoak sortzen hari dira. Antsietate kasuak areagotzen hari dira, eta baita loaren kalitate galerak ere, hau da, lotarako arazoak edo loaldi txarragoak dituzten jendearen kasuak. Osasuna ez da osasun fisikoa soilik, eta osasun fisikoa ez galtzen ahalegintzeko harturiko neurri hauek osasun mentala txartzea sortzen hari dira pixkanaka-pixkanaka.

Gizakion ongizate eta osasunaren zutabe garrantzitsuenetariko hiru elikadura, jarduera fisikoa eta loa dira. Gaur egungo egoera honetan, hiru zutabe hauen kalitatea mantentzea zaila da. Orokorrean, gehiago jaten da, eta aldiz, ariketa fisiko gutxiago egiten da, ondorioz, gure osasun egoera txartuaz. Hau erlatiboa da, kasu bakoitzaren arabera asko aldatzen baita, baina orokorrean horrela da. Are gehiago, oso interesgarria litzateke konfinamendu egoera aurretik eta konfinamenduan zehar biztanleriak beren elikaduran jasaniko aldaketa txikiek elikaduraren kalitatea zein eragin izan duten aztertzea ere, jakina baita elikagai dendetan ikusirikoaren arabera kontsumo ohiturak aldatu egin direla. Hedabideetan esanikoaren arabera, baina baita edonork supermerkatuetan egiaztatu ahal izan dugunaren arabera ere, irina eta garagardo kontsumoa ikaragarri igo da; baina baita txokolate, gaileta edo zereal kontsumoa ere. Ez dira zehazki elikagairik osasuntsuenak. Datu zehatzagoak ematearren, esate baterako, edari alkoholiko suabeen salmenta (%20 arteko alkohol bolumena) %70ean igo da, eta edari alkoholiko gogorrena, %80.

Bestalde, jarduera fisikoa egiteko aukera ere oso mugatua da, eremu eta baliabide mugatuak baititugu ariketa fisikoa egiteko, baina gainera, egitea posible den ariketa motak ere monotonoagoak dira. Ondorioz, ariketa hauek gure burua beste gauzetatik deskonektatzea zertxobait zailagoa suertatzen da, eta are gehiago, ariketa hauek, oro har, monotonoagoak izanik, errazagoa da ariketa fisikoa egiteko motibazioa galtzea.

Gainera, itxialdi honek antsietate egoerak sortzea ohikoagoa bihurtzen hari da, eta baita faktore honengatik edo besteren batengatik lo arazoak izatea ere, gure osasun egoera txartzeko aukera areagotuz.

Hasieran aipatu bezala egoera honen jasangarritasun ekonomikoa ere kinka larrian dago. Industria eta beste zenbait oinarrizko aktibitate lanean ari dira, baina aktibitate ekonomikoa ez dute sektore hauek soilik osatzen. Gaur egungo egoera honek, komertzio txikia, eta zer esanik ez, ostalaritza eta turismoa galbidera daramatza. Sektore hauek hilabete bat baino gehiago daramate geldirik, irabazirik gabe. Denok dakigun bezala, irabazirik gabe, ezin da biziraun gaur egungo gizartean, baina gainera, batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago, baina denek dituzte gastuak. Ondorioz, egoera hau luzatzen den egun bakoitzeko geldirik dauden aktibitate guztien bizirautea zailtzen hari gara. Egoera hau ez da jasangarria, beraz, deskonfinamendua ez da kapritxo soil bat, behar bat bihurtuko da laster, Covid19-aren aurrean harturiko soluzioa arazoa bezain txarra izatera iritsiko den puntu batetara gerturatzen bait goaz pixkanaka.

Zenbait arrisku onartzen ari gara erosketa egitera joaterakoan adibidez, neurri ezberdinak hartu arren arrisku maila bat beti baitago, eta zer esanik ez lanean hari garenok. Ba beste gauza askorekin berdina egin beharra daukagu lehenbailehen, neurriak hartu aktibitate ezberdinak gauzatzeak dituzten arriskuak ahalik eta gehien gutxitzeko, eta arrisku maila bat onartuaz aktibitate hauek gauzatu. Zaila da, noski, baina baita beharrezkoa ere. Are gehiago, denok dugu argi ostalaritza eta turismo aktibitateak arriskutsuenetarikoak direla koronabirusaren kutsakortasuna ez zabaltzeko, baina aktibitate hauek ere, hein batean, eta behar diren neurriak hartuz, martxan jarri behar dira, hauek guztiz geldirik edukitzeak ondorio oso larriak izan baititzake. Familia askoren eguneroko ogia dago jokoan.

Denok dugu argi egoera oso larria dela, jende asko hil dela gaixotasun honengatik eta beste asko arriskuan egon daitezkeela, baina egoerari aurre egiteko harturiko neurriak ere ez dira luzaroan jasangarriak. Jende askok beren lana, eguneroko ogia eta osasuna galtzea ekar dezake konfinamendu egoerak. Gaixotasun honek prebentzio neurriak hartzeko beranduegi zelarik harrapatu gintuen, ez dakigula berdina gertatu “soluzioarekin” ere.