Aragon Bike Race 2020

San Markos-eko desastrea baina astebete beranduago Aragón Bike Race lasterketan parte hartu nuen. Mendi bizikletan lehiatu nuen lehen lasterketa hau izan zen oraindela urte dezente jada. Kalendarioan hartzen duen unea dela eta 3 aldiz parte hartua nuen aurrez proba honetan, eta urtez-urte ibilbideek hobekuntza handia izan zuten. Aurtengoan kokapen aldaketa batekin zetorren proba, beraz, berria zen dena denontzat.

Calatayud-eko irteeran 600 txirrindulari elkartu ginen probari ekiteko asmoz. Irteeran hotz handi samarra zegoen, baina eguraldiaren aurreikuspenek egun polita izango genuela zioten. Azkar atera ginen, errepide eta pista zabaletatik eginiko lehen 8 kilometroen ondoren tarteko helmuga bat baitzegoen. Zorionez lehen irteera kaxoitik irteten nintzen, baina kilometro hauetan postu asko galdu nituen.

Tarteko helmuga pasa bezain pronto kale estu batera sartu eta bidexka batean gorantz sartzen ginen mendira. Hemen ibilbideak sorturiko inbutuaren ondorioz tapoi handi samarra egin zen eta lasterketa guztiz luzatu eta puskatu zen. Aurrez esan bezala, nahikoa atzean nindoan une honetan, beraz, aurrekoak bistaz galdu nituen puntu honetan.

Ahal zen guneetan pixkanaka aurrera eginez jarraitu nuen. Zorionez, sentsazio nahiko onak nituen eta gustura nindoan, pixkanaka-pixkanaka lasterkariak harrapatuz. Zenbait gunetan kontrako haize handia aurkitu genuen, eta gune hauetan2-4 lasterkariko taldetxoak osatzen ziren.

Ibilbideak bidexkaz beterik zeuden, eta gune handi batean paisaia ezohiko bezain zoragarrietatik ibili ginen. Ameriketako estatu batuetako desertuetatik genbiltzala zirudien, “Spanish Utah” bezala deituriko parajeetatik.

Aldapa behera kontu handi samarrarekin ibili nintzen. Ez ziren oso jaitsiera zailak, baina oso solte zegoen zorua lur lehor eta harri askorekin, beraz, irrist txiki batekin min handia hartu zitekeen. Azkar joan zitekeen gune asko zegoen, baina zuhurtasunez jokatzea zentzuzkoena zela iruditzen zitzaidan.

Azkenean 12. postuan sailkatu nintzen lehen etapa honetan, gustura.

Lasterketa honetako lehen egunak berezitasun bat izan ohi du, bi sektore izaten dituela, beraz, arratsaldean erlojupeko bati aurre egin behar izan genion lasterkariok.

3 kilometro pasatxoko erlojupekoa zen, laua eta zailtasun teknikorik gabekoa, potentziazkoa.

Nire ezaugarrien artean ez dago ez potentzia handiko txirrindularia izatea ezta esfortzu motzetarako “txispa” edukitzea ere, beraz, tramite gisa hartu nuen. Erlojupekoaren distantzia eta zailtasun tekniko eza ikusirik denbora gehiegi ere ezin zela galdu kontsideratu nuen eta tramitearekin kunplitzera irten nintzen.

28. amaitu nuen, irabazlearekiko 19 segundoko galerarekin.

Igandean izan genuen azken etapa, 47 kilometroko ibilbide azkarra zuen etapa motza, lehen erdia aldapan gora, ia 1.300 metrotaraino iritsiz, eta bigarren erdia, ia osorik, aldapan behera.

Azkar atera ginen, aurreko egunaren gisan, lehen kilometroak pista zabal eta azkarretan egin ondoren 7,5. kilometroan tarteko helmuga baitzegoen.

Tarteko helmuga pasa bezain laster aldapan gora hasi ginen eta taldea guztiz luzatu zen bidexka zatitxo batean sartzean. Bidexka hau amaitzean lehen aldapatxoarekin aurkitu ginen. Atzera samar nengoen eta tartetxo bat ireki zen aurrekoekiko. Saiatu nintzen baina ez nuen tartetxoa ixteko adinako indarrik izan.

Aldapan gora ekin genion, pista zabaletan zehar, tarteka jaitsieratxoren bat ere aurkituz. Zenbait lasterkari pasatzea lortu nuen, eta azkenean beste bizpahiru txirrindularirekin taldetxoa egin genuen. Erritmo politean joan ginen. 18. kilometroan, bidexka apurtu bat amaitzean anoa gunea pasa eta berriro pista zabal batean sartu ginen. Momentu horretantxe beste bizpahiru lasterkari harrapatu genituen. Erritmoa pixka bat bizitu eta aurrera egiten saiatu nintzen, baina 6 kilometro geratzen ziren mendatearen amaitzeko, eta pixkanaka atzera eginez joan nintzen, naiz eta nire lehiakideak uneoro gertu ikusten nituen.

Portua amaitzean, pare bat kilometro egin genituen zelaian, eta ondoren aldapan behera abiatu ginen baso bat zeharkatuz bidexka polit batetatik. Pare bat lasterkari pasatzeko baliatu ahal izan nuen jaitsiera. Hala ere, jaitsiera motza izan zen, 3-4 minutuko igoeratxo bat etorri baitzen segituan. Jaitsieran indarrak errekuperatu ahal izan nituen pixka bat, eta aurrez aldapa gora utzi ninduen txirrindularietako bat pasa ahal izan nuen. Berriro aldapa behera abiatzean harri tartean zioan bidexka polit bat hartu genuen. Beste txirrindulari bat harrapatu eta haren atzetik joan nintzen, ez bainuen pasatzeko espaziorik.

Jaitsiera hau amaitzean eguneko azken igoeratxoa izan genuen, pare bat kilometroko aldapa gogor samarra. Estutu bat hartu eta aurretik nuen txirrindularia pasatzeko baliatu ahal izan nuen igoera. Aldapa hau gainditu ostean azken jaitsiera soilik geratzen zen, pista zabalean behera, zailtasun teknikorik gabeko jaitsiera azkarra, eta ondoren azken 8 bat kilometro lauak. Bertan, azken txirrindulari bat harrapatu ahal izan nuen, eta hau gurpilean nuela egin nituen azken kilometroak.

Ordekan eginiko azken zatian aurretik zihoan bikote bati tartea jaten hari nintzela ikusi nuen, eta pena pixkatekin iritsi nintzen helmugara, beste kilometro bat edo bitan harrapatu ahal izango nituela   pentsatzen baitut.

16. amaitu nuen etapa.

Sailkapen orokorrean 12. postuan sailkatu nintzen. Espero baino zertxobait emaitza hobea izan zen, baina batez ere aurrekoekiko galduriko denbora tarteak espero baino txikiagoak izan zirela ikusi nuen, eta horrek eman dit animorik gehien. Lanean animoz jarraitzeko balioko dit emaitza honek, naiz eta ongi jakin oraindik lan asko dagoela egiteko.