San Markos 2020

Pasa den martxoaren 1ean denboraldi honetako lehen dortsala jantzi nuen. Aurre denboraldiko eta azken asteko sentsazioak kontutan harturik, nire sasoi puntua eskasa zela banekien, beraz, ahalik eta hobekien egin eta sasoi puntua pixka bat hobetzeko intentzioarekin kokatu nintzen irteera marran.

Irteeran bertan pedala ezin sarturik denbora asko galdu nuen, eta azken postuetan jarri nintzen. Beroketan hari nintzela zirkuitu lokaztuari buelta bat eman nion eta ez nintzen gogoratu irteerarako zapatilen zoletako lokatzak garbitzeaz. Lehen igoeratxoa ezin aurreratuz igo nuen, eta lehen jaitsieran aurrera egiteko gogoz ez zeuden lekuetan aurrera egiteko espazioak bilatu nahirik aurkitu nintzen.

Akatsa! Zailtasunik ez zuen bihurgune batean azkarregi sartu nintzen eta kolpe handi samarra hartu nuen. Denbora dezente pasa nuen berriz martxari ekin aurretik. Hasi besterik ez zen egin lasterketa eta jada oso atzean nengoen, erabat galdurik.

Hala ere, aurrera nioan heinean, batere ez nindoala ikusten nuen. Hankak oso ahul sentitzen nituen, segituan “betetzen” nintzen…

Horrela joan zen lasterketa guztia. Motel, baldar eta asko sufrituz. Banekien nire sasoi puntua ez zela ona, baina San Markoseko gehiegi izan zen. Egun txar bat baino gehiago ere izan zela esango nuke. Ez dakit ziur zer izan zen, baina berriro gertatuko ez denaren esperantza izatea besterik ez zait geratzen. Dena den, egun txarretatik asko ikasten da, eta egun onak gehiago baloratzen ere laguntzen dute.

Egun txarra izan zen, baina gauza bat argi izan nuen uneoro, ez nuela amore emango eta naiz eta oso gaizki joan, helmugara iritsi beharra zegoela!