Belauneko arazoak

Batzuetan gauzak ez dira nahi dugun bezala ateratzen, eta beste batzuetan, sekula nahiko ez genituzkeen gauzak datorzkigu ezer egin ezin dezakegularik hauen aurka. Tamalez, oraingoan notizia txarrak izan ditut.

Abenduaren 30ean inolako aurrekari edo “abisurik” gabe, belaunak “klak” egin zidan luzaketa ariketak egiten hari nintzela, eta ia guztiz blokeaturik geratu zitzaidan. Inflamazioa jaisteko botikekin, eta bizpahiru egun muletekin edo pixka bat herrenka eginez pasa ondoren, pasa zitzaidan mina, eta pare bat asteren ondoren, baita molestiak ere. Dena den, probak egin ondoren, barne-meniskoa hautsia dudala esan didate.

Ez da inondik inora ere nahiko nukeen albistea, baina egoera onartu eta aurrera egitea besterik ez da geratzen. Gauzak gaizki dauden arte ez gara konturatzen ongi egoteak zenbat balio duen. Orain ondo ulertzen dut, aho txikiz, ongi geratzeagatik, gabonetan eskatu ohi den osasunak, zenbat balio duen errealitatean. Ez daukanak baleuka eta ez dakienak baleki!

Hala ere, atzera begiratzeak ez du ezer konpontzen, eta aurrera begiratu eta gauzak ahalik eta hobekien egitea beste aukerarik ez dago. Zorionez, naiz eta egoera desatsegina izan, belaunak ez dit minik ematen eta bizitza normala egiten uzten dit, bizikletan edo oinez ibiltzeko inolako eragozpenik ez dudalarik, beraz, berdin-berdin gustatzen zaidana eginez gogor lanean jarraituko dut.

Aurtengo denboraldirako helburuak aldatzea izango da niretzat aldaketa bakarra oraingoz. Barne-meniskoa apurturik duen txirrindularirik onena izatea izango da aurtengorako helburu berria!