Valdizarbextrem 2019

Pasa den larunbatean, irailak 7, Valdizarbextrem proban hirugarren urtez jarraian parte hartzeko aukera izan nuen. 80 kilometro eta 2900 metroko desnibel positiboa duen xendaz beteriko ibilbide polita du probak.

Goizeko 9etan ekin genion probari eguraldi on baina haizetsuaz. Lehen kilometroetatik erritmo altuan joan giƱen, probaren lehen kilometroak eta maldak pasa ostean lasterketaren buruan seikote bat gelditu ginelarik. SH Metalgraf taldeko Javier Sein eta Ander Bengoak lasterketa buran markatzen zuten erritmoa bizia zen, baina Patxi Ciak 20. kilometroa pasa eta gutxira aurrera egitea erabaki zuen. Taldeko inork ordea, probaren iraupenaren jakitun, ez zuen bere gurpilera ateratzeko saiakerarik egin.

Kilometroak batzuren ondoren, Joseba Albizuk talde jarraitzailearen buruan jarri eta erritmoari beste estutu bat ematea erabaki zuen. Joseba tiraka jarri eta gutxira Ciak taldetxoko kideoi ia 3 minutuko aldea ateratzen zigula esan ziguten, beraz, Josebak jarririko erritmo gogorrak etenik ezin zuela izan argi zegoen taldean.

Erritmo biziaren ondorioz, taldea Erik Altuna, Joseba Albizu eta nik osaturiko hirukote izatera pasa zen kilometroak aurrera egin ahala.

Helmugarako ia 30 kilometro faltan ordea, atzeko gurpilean zulatua izan nuen. Zulatu txikia zen, gurpila haizez hustu arte ez bait nintzen konturatu, eta ez zen zuloa inon sumatzen. Gainera, zoritxarrez, konponketarako neraman kamara bideko punturen batean erori egin zitzaidan, eta ez nuen konpontzeko materialik. Zer egin ez nekiela, gurpila puztu nuen, eta presioa galdu zuen arren, bar 1 baino zerbait gutxiagoan eusten zion.

Lasterketa lehiatzeko aukera galdurik, ahal bezain ondoen helmugara iristen saiatu nintzen, ahal nuen erritmorik bizienean, baina beste patxada batez. Honela, ibilbideaz asko gozaturik, baina zorte txarraren amorrazioaz, 4. tokian zeharkatu nuen helmuga marra.

Emaitzak ez ninduen asetu, baina BTT-az eta Izarbe bailarako xendez ederki gozatu nuen. Asko gustatzen zaidan proba da, eta antolakuntzak ere ez du inolako aitzakiarik. Seguru berriz ere itzuliko naizela.