Euskadiko Txapelketa XCM Oion

Hilabete baino gehiago mendiko bizikletan lasterketarik egin gabe pasa ostean, pasa den igandean, irailak 1, berriro lehiatzea tokatzen zen, eta lasterketa berezi batean gainera, mendi bizikleta maratoiko (XCM) Euskal Herriko txapelketan. Oionen ospatu zen 60 kilometro eta ia 1800 metroko desnibel positiboa zuen ibilbidean.

Lasterketari hasiera eman genion goizeko 09:00ak zirenean. Bizi atera ginen baina gehiegizko erritmoa ere ez zen. Taldetxo bat osatu zen aurrean, 15 bat lagunekoa. Ibilbideak gorantz egiten zuen denbora guztian, pista zabaletan zehar gehienbat, baina bidexka estuak ere tartekatzen ziren. 18. kilometro inguruan eguneko lehen igoera esanguratsua aurkitzen zen. Bertan erritmoa bizitu zuen amaieran irabazlea izan zen Javier Sein nafarrak. Metro gutxi batzuk hartu zituen, eta bere ehiza saiakeran jarririko erritmoak, taldea apurtu zuen bost bat txirrindulariko taldetxo bat berarengandik gertu mantenduz. Seinek lehen postuan zapaldu zuen mendatearen gaina, taldetxoari 10 bat segundo ateratzen zizkigularik, baina jaitsieran taldetxoak bere gurpilera iristea lortu zuen.

Gaina zapaldu zenetik ibilbidea baso zoragarri batzuetan barrena zihoazen bidexketatik zihoan. Ibilbide gora-beheratsua izan zen nagusi lasterketaren bigarren zati honetan, bidexka politetan zehar zatirik haundienean. Tarte honetan erritmo polit bat mantendu zen, baina ez zen oso erritmo gogorra, eta tarte honetan zenbait txirrindulari berriro taldera iritsi ziren, eguneko bigarren eta azken igoera nagusira 10-12 bat txirrindulariko taldea iritsi ginelarik lasterketaren buruan.

Igoera baina pixka bat lehentxeago, lasterketaren une erabakiorra iristen hari zela somatzen zen, erritmoak pixka bat gora egin baitzuen, lasterkari guztiek taldearen aurreko partean egon nahi zutenaren ondorioz. Igoeran, Joseba Albizu azpeitiarrak erritmo gogorra jarri eta Jesus Torres lasterkaria kurpilean zuela aurrera egin zuten. Bost bat segundora Javier Sein eta ni gindoazen, sufrituz, tartetxoa ixteko saiakeran. Igoeraren amaieratik oso gertu geundenean, gurpilean sartzea lortu genuen. Baina, tartetxo errazago baten ondoren, oraindik ibilbideak gorantz egiten zuen zatitxo batean. Tarte honetan, taldearen aurrean jarri nintzen tiraka, eta goian 5 bat segundoko tartetxoa nuen 3 taldekideekiko.

Sprintean oso txarra naizenez aurrerantz tiratzea erabaki nuen, eta ahal nuena emanez aurrerantz jarraitzen saiatu nintzen. Kilometro batzuk pasa eta bidexka zatiren bat pasa ondoren, kostata, baina atzekoekiko errentatxoa atera nuen. 15 bat segundo izango ziren, baina ibilbideak beherantz egiten zuen pixka bat, eta ahal nuen guztia ematea erabakirik nindoan. 

Baina 7-8 bat kilometro faltan bidegurutze batean zegoen karteltxoa gaizki interpretatu nuen, eta eskuinerantz hartu nuen kartelak zioen bezala, baina ez zegokion bidetik. Hurrengo bidegurutzera iristean ez kartelik ezta ibilbidea irekitzen zuen motorik ez ikustean, nahastu egin nintzela konturatu eta buelta eman nuen.

Pedalei gogor eraginez jarraitu nuen, amorruz. Laster, 4 txirrindulariko taldetxo bat harrapatu nuen, eta netorren bezalaxe, pasa egin nien, atzera begiratu ere egin gabe, amorruz pedalei gogor eraginez. Laster geratu nintzen berriro bakarrik eta berdin-berdin jarraitu nuen helmugara iritsi arte. Dena den, galdu nintzen unean tartetxo bat irabazia neukan arren, helmugara bakarrik iristea oso zaila izango zen, atzetik zetorren hirukotea oso indartsua baitzen.

Azkenean 4. sailkatu nintzen, 3. elite mailan. Txokolatezko domina, garratza benetan. Pena handia nuen bidegurutze hura gaizki hartu izanaz, baina pasatzen diren gauzak dira, nire akatsa. Ez dut uste sekula ahaztuko dudanik lasterketa hau, baina hobe da buelta asko ez ematea gaiari, eta hurrengoetan arreta handiagoz joaten erakutsiko didala pentsatzea.

Martxa polita izan zen ibilbidez, eta antolakuntza ere oso ona izan zela aipatzea ez nuke ahaztu nahi. Bide batez, Javier Sein eta Jesus Torres zoriondu nahi nituzke, denboraldi zoragarria egiten hari baitira biak, eta Euskal Herriko txapeldun izatea ongi merezia daukate. Zorionak biei!