BTT Nieva de Cameros

Valdizarbextrem probak hanketan utziriko oinazea oraindik oso presente zelarik, irailak 8ko igandean Nieva de Cameros herri errioxarrean ospaturiko BTT proban parte hartu nuen. Probari buruz oso ongi hitz egin izan didatenez beti, aurtengoan bertan parte hartzea erabaki nuen.

56 kilometro eta ia 2.000 metroko desnibel positiboko ibilbide nahiko teknikoa zuen proba izan zen, xenda zoragarrietan barrena baso politak igaroz. Ezagutzen ez nuen ingurua zen, lasaia, etengabeko basoa, xarma berezia duten herri txikiz soilik tartekatua.

Goizeko 9retan ekin genion probari, eguraldi eguzkitsuarekin, baina oso tenperatura baxuaz. Laster berotu ginen ordea, ziztu bizian abiatu bait ginen lehen unetik, XCO-ko lasterketa bailitzan. Segituan puskatu zen lasterketa, erritmoa biziak eta xenda teknikoek horretarako bide ematen baitzuten.

Lehen momentutik ahal nuena emanez joan nintzen, XCO-ko lasterketa batean bezala ia, beste lasterkariez ahaztu eta ahal nuen erritmorik bizienean. Hasieratik zenbait lasterkari aurretik joan zitzaizkidan. Lasterketa guztia zen tekniko xamarra, baina batez ere lasterketaren lehen erdia oso teknikoa zen, harri askokoa, eta bertan oso baldar sentitu nintzen, ez bainaiz inondik inora ere teknika oneko txirrindularia. Dena dela, tarteka txirrindulariren bat pasa nuen, eta gurpilean sartzen zirenak ere, ez zuten asko irauten posizio horretan.

Lasterketaz gozatuz nindoan, baso politak, era guztietako xenda zoragarriak… Lasterketa amaitzeko 10 bat kilometro faltan, aurreko gurpilean zulatua izan nuen. Zorte txarra, larunbatean atzekoa eta igandean aurrekoa. “Metxa” bat erabiliz zulatua konpontzea lortu nuen, baina baldar xamar ibili nintzen, eta denbora asko pasa nuen konponketa lanetan. Tarte honetan 6-8 txirrindularik pasa ninduten.

Berriro martxan jarri nintzen, aldapan behera ziztu bizian. Lasterkari bat harrapatu nuen eta kostata, baina pasatzea lortu nuen. 

Jaitsiera zati zoragarri baten ondoren, eguneko azken igoera etorri zen, 2-3 kilometroko aldapa etzana pista batean zehar. Erritmo bizian igo nintzen, lasterkari batzuk pasaz. Azkenik, jaitsiera zati polit baten ondoren, helmugara iritsi nintzen.

4. postuan sailkatu nintzen. Berriro. Azken aldiko zorte txarrarekin erabat asperturik, zulaturiko unean 2. postuan bainintzen, eta atzekoekiko tarte majo xamarrarekin. Dena den, azkenean 2. sailkatu zen Cesar Mansok ere, nire ustetan behintzat faborito nagusia zenak, aurrez zulatua izan zuen, beraz, ni baino mereziagoa zuen lorturiko postua.

Proba oso polita izan zen. Asko gustatu zitzaidan bai ibilbidea eta baita giroa ere, seguru itzuliko naizela, guztiz proba gomendagarria baita.