Marmotte Pyrenees 2019

Joan den igandean, abuztuak 25, Marmotte Pyrenees lasterketa zikloturista entzutetsua ospatu zen. 167 kilometro eta 5.700 metrotik gorako desnibel positiboa duen ibilbideari 12 herrialde ezberdin baina gehiagoako ia 3.000 parte-hartzailek ekin genion goizeko 07:30etan Luz Saint Sauveur-ko herritik, hauetariko 845ek Hautacam gaineko helmugara iristea lortu genuelarik.

Orain dela hilabete pare bat, lankide batek proba hau egitera joatea proposatu zidan, eta nik, gauza hauetarako asko xaxatu beharra ez dudanez izaten, baietz esan nion. Honela, ostiralean, kotxea hartu (G7-aren ondorioak trafikoan ondo begiratu, noski) eta Argeles-Gazost herrira joan ginen paraje paregabe haietan asteburu polit bat pasatzeko asmotan.

Ostiral arratsaldean eta larunbatean bizikletan paseotxo bat eman eta lasai-lasai ibili ondoren, igandeko goizeko 7etarako irteera puntuan kokaturik ginen.

07:30etan abiatu ginen, ziztu bizian, irteerako marran aurretik nituen 400dik gora txirrindulariak pasa nahian lasterketa buruko taldean kokatzeko. Irten eta berehala Tourmaleten gora ginen, erritmo politean, lasterkariak ihesaldi saiakerekin hasi zen, baina segituan neutralizatzen ziren. Gailurrerako 5-6 kilometro faltan eraso indartsu bat izan zen, 6-8ko taldetxo bat osatuaz. Segituan beste 6-8 atera ziren atzetik. Bi talde hauek elkartu egin ziren, baina erritmo biziaren ondorioz, segituan 6-7 txirrindularik aurrera egin zuten, eta besteak pelotoi nagusiak irentsi zituen. Ni pelotoian nindoan, baina taldean jende indartsua zihoala eta tartea azkar handitzen hari zirela ikusirik, aurrera egin beharra zegoela ikusten nuen. Kilometro erdi bat itxaron nuen eta 4 kilometro baino zertxobait gehiago geratzen zirenean gailurrera erritmoa bizitu eta ihesaldiaren bila irten nintzen. Minutu eta erdi inguruko tartea zuten. Azkar nindoan, esfortzu betean, baina aurrean ere erasoak egon ziren eta taldeko kideen artean tartetxoak egin ziren. Azkenean, taldetxoko azken kidetik 20 bat segundora pasa nuen tourmaleteko gaina.

Aldapan behera abiatu nintzen, baina bistaz galdu nituen La Mongie-ko herria pasa eta basoan sartu ginenean. Jaitsieraren amaieran, aldapa gutxitzen den tartean, berriro ikusi nituen, eta tartea jaten hasi nintzen. Azkenean, jaitsiera bukatu bezain pronto, aldapa gorantzako lehen maldatxoan, taldea harrapatu nuen.

Mugimendu hau erabakigarria izan zen. Talde honetan zeuden lasterkaririk indartsuenak, eta hauen artean egon zen garaipenaren borroka.

Taldetxoko kideen artean ongi ulertu ginen lehen momentutik, errelebora guztiok pasaz. Aldapa gora erritmoa bizia zen, baina eramangarria. Kideetako batek taldea hausteko zenbait saiakera egin zituen bai Hourquette d´Ancizan-eko mendatean baita Col d´Aspin-en ere, baina taldeko kideren bat kilometroren batean atzean uztea bakarrik lortu zuen.

Hourquette d´Ancizan-eko jaitsieran izugarrizko sustoa izan nuen. Bihurgune batean oso azkar sartu nintzen eta hau pixka bat istean zuzen joan nintzen. Atzeko kurpilarekin irrist egin, aurreko galga asko sakatuz atzeko kurpila altxa, eta basoan sartu nintzen mendian behera. Hala ere, ia mirariz, gorputzaren pisua mendi aldera bota eta hanka jartzea lortu nuen, lurra ikutu ere egin gabe. Zorte galanta izan nuen harri edo zuhaitzik ez jotzean.

Taldean kilometro ugari erritmo onean egin ondoren, Tourmalet-eko bigarren igoeraren hasierara iritsi ginen. Oraingoan Sainte Marie de Campan-eko aldetik igo behar genuen. Lehenengo 4 kilometrak egin ostean, aldapa gogorra hasi bezain pronto, taldeko kide batek erasoa jo zuen aurrera alde eginaz. Atzetik, beste txirrindulari bat atera zen eta ondoren neroni. Ihesari ekin ziona ez genuen gehiago ikusi, bera izan zen probako garailea. Beste txirrindularia, laster harrapatu nuen, baina pare bat kilometroren ostean berriro utzi ninduen. Nire erritmoa ez zen txarra, baina ez nindoan oso ondo ere. Beste txirrindulari batek ere pasa ninduen, eta aldaparen erdian, bere erritmoa oso ongi kontrolatzen zuen beste batek, denok pasa gintuen pixkanaka-pixkanaka lehena zihoana izan ezik. Honela, portua bakoitzak bere erritmora igoz, probako garailea izan zen holandarrak pasa zuen gailurra lehenik, ondoren, erritmoa oso ondo kontrolatzen zuen danimarkarrak 3-4 minutura, hauen atzetik frantziar bat eta Ugaitz Artola amasarra 5 bat minutura, eta ondoren ni 6 bat minutura. Nire atzetik berriz, ez nuen inor ikusten behera begiratzean. 

Jaitsiera lasai hartu nuen, argi neukan ez nuela inor harrapatuko zati horretan. Zerbait jan eta edateko aprobetxatu nuen tarte hau. Luz Saint Sauveur-etik Hautacam-go igoeraren hasierarako tartea berriz, oso luzea egin zitzaidan. Indarrez oso justu nindoan jada, haizea kontran zegoen, eta tarte honetako azken kilometroak errepide txar eta gora-beheratsu batean zehar egin genituen.

Azken igoera erreserba sartuta egin nuen. Erritmo oso motelean nindoan baina ezin nuen gehiago. Ur pila edaten hari nintzen, izugarrizko beroa egiten zuen eta egarri nintzen uneoro.

8 bat kilometro faltan 3 txirrindulariko taldetxoa minutu ingurura neukala ikusi nuen. Segituan harrapatuko nindutela pentsatu nuen, nire erritmo motelagatik, baina kilometroak pasaz zihoazen eta ez ninduten harrapatzen. 3 kilometro faltan Ugaitz ikusi nuen zuzengune luze batean. Ni baino okerrago zihoan, erabat hustuta. Zuzengunearen amaieran ordea, atzera begiratu eta hirukotea oso gertu nuela ikusi nuen. Helmuga gertu izanik, ahal nuen guztia estutzen hasi nintzen, baina Ugaitzek eta atzekoek berdina egin zuten noski. 500 metro faltan, dena ematen hari ginen guztiok. Atzeko taldean Joseba Albizu azpeitiarrak sprint izugarria jo zuen, 300 bat metro faltan harrapatu eta pasa egin ninduelarik. Azkenean, 20 segundoko tartean Ugaitz, Joseba eta ni sartu ginen, 4, 5 eta 6. postuetan hurrenez-hurren.

Egun polita pasa genuen pirinioetan, ibilbide zoragarria izan zen, paisaia ederrez inguraturik uneoro. Gainera, naiz eta azken partean bero gehitxo izan agian, eguraldia ere lagun izan genuen. Denbora zen errepideko zikloturista batean ez nuela hainbeste gozatzen, eginiko azkenetan lasterkarien portaerarekin haserreturik itzuli izan bainaiz.