Transmaurienne Vanoise

Uztailaren 22tik 26ra, Transmaurienne Vanoise izeneko mendi bizikleta lasterketan parte hartu nuen. Alpeetako Maurienne bailaran egiten den 5 etapako proba entzutetsua da hau, UCI S2 mailakoa. Parte hartze polita zegoen, 250 txirrindularitik gora ziren irteera marran, 10 nazio ezberdin baino gehiagotatik etorririkoak. Aipagarriena, lasterkarien maila zen, talde oso onak, munduko kopako txirrindulari aipagarriak… zeudelarik bertan.

Jarraian datorrena, nire egunez-eguneko kronika duzue.

1. Etapa 

Errepidean gora irten ginen erritmo bizian. 30 bat kideko taldetxoa osatu zen aurrean, baina kilometro bat bera egiterako, taldea luzatzen hasi da pixkanaka-pixkanaka kideak galduz, tartean ni neu. Pare bat kilometro egin ostean, mendiko pista batean sartu ginen, lasterkariak banakako lerroan kokatuz. Pixkanaka sentsazio hobetuak aurkituz nindoan, eta zenbait txirrindulari pasatu nituen. 

3-4 kilometroren ondoren jaitsiera tekniko bezain polit batean sartu ginen. Kontu handiz hartu nuen, mendi labarrean zintzilik zegoen bidea baitzen, baina benetan gozatuz nindoan. Jaitsieraren amaiera aldera, bidegurutze batean ezkerrera hartu nuen nire aurreko txirrindulariei jarraituz, zinta urdinak jarraituaz. Kilometro erdiko igoera pikoaren ondoren, sasi-ordekan gindoazela, inguruan nituen txirrindulariak zalantzekin ikusi nituen. Zer pasatzen den galdetu nien, eta hauek aurretik inor ez zihoala esan zuten, eta hori benetan arraroa dela. Hori entzutean segituan konturatu nintzen bidez nahastu ginela, zinta urdinei segi genien gorriei segi beharrean. Azkar batean norantza aldatu eta aldapan behera abiatu ginen abiada bizian.

Ibilbide gora-beheratsuan genbiltzan ondoren, eta galdurik ibili ginen tartean pasa gintuzten txirrindulariek aurrerantz egitea oztopatzen ziguten tarteka.

Pixkanaka aurrerantz goaz, eta 10 bat kilometroren ostean eguneko igoera nagusian gora hasi ginen. Igoera etzana zen, konstantea. Erritmo on bat hartu eta jendea aurreratuz gustura egin nuen goruntz.

Igoera juxtu xamar amaitu nuen, eta bidexka estu batean zehar jaitsiera polit zein tekniko bati ekin genion hau bukatzean. Jaitsiera erdi aldera pasatzen uzten ez didan lasterkari batekin aurkitu nintzen, eta haren atzetik egin behar izan nuen jaitsieraren bigarren erdia.

Jaitsiera amaitu ostean 5 bat kilometro izan genituen ordekan, “ematekoak”. Hauek anoa postura iristean amaitu ziren. Bertan ura hartu nuen, izan ere, lehen jaitsieran ur potoetako bat erori zitzaidan, eta beharrean nindoan, bero handia egiten baitzuen.

Puntu honetatik helmugara 8 bat kilometro geratzen ziren aldapan gora, tartean jaitsieratxoren batekin. Erreserba sarturik nindoan, eta luze egin zitzaidan helmugarainoko bidea, baina guztiz hustu gabe, duintasunez iristea lortu nuen.

2. etapa

2. etapa zen, ibilbidez, gogorrena. Eta horrelaxe izan zen, baina gogortasuna eman ziona eguraldia izan zen, izugarrizko beroa egin baitzuen. Ikaragarrizko beroa egin zuen, eta helmuga gurutzatu bezain pronto, lasterkari ugari lurrera bota ziren, erabat akiturik. Gutxi batzuk ibilbide iskinean etzanda ere geratu ziren, eta hauetarikoren bat larrialdi zerbitzuek hartatu behar izan zuten.

Lasterketa bizi atera zen, errepidean, eta segituan 30 laguneko taldetxoa eratu zen buruan. 7. Kilometro inguruan, txirrindulari bakarra kabitzen zen bidexka batean sartzen zen lasterketa, eta bertan eraturiko pilaketarekin, lasterketa luzatu eta puskatu egin zen. 

Jaitsiera hau amaitzean eguneko igoera zetorren. 11 bat kilometrokoa zen, hasierako 2 kilometroak errepidean eta ondoren menditik, 2200 metrotik gora igoaz. Igoeran neure erritmoa hartu eta aurrerantz egin nuen pixka bat, baina igoera luzea egin zitzaidan, eta azken kilometroetan zenbait txirrindularik pasa ninduten. 

Gora iristean ez zen jaitsiera hasten ordea, bidexka batetik mendian zehar gora eta behera joan ginen, eta jaitsiera tarte txiki baten ondoren, presa baten paretaren parean, mendian gorako bidexka bat hartu genuen.

Hau izan zen lasterketa guztiko zatirik okerrena. 20 bat minutu egin genituen bizikleta bizkarrean harturik, oinez. Zati honetan oso gaizki aurkitu nintzen, erabat nekaturik, eta txirrindulari askok pasa ninduten bertan. Behingoz igoera amaitu eta jaitsiera hastean ere oso baldar nindoan nekearen ondorioz.

Hala ere, tarte honetan zerbait jan nuen, eta anoa guneetan ura ere hartu nuen, eta honi esker, lasterketa amaierara nahikoa txukun iritsi nintzen. Jaitsiera luze eta zoragarri baten ostean ordekan zenbait kilometro egin genituen, eta amaitzeko 500 metroko desnibela gainditu behar genuen azkeneko 4 kilometroetan. Gorputzari hein batean buelta eman izanak asko lagundu zidan, nekea oraindik agerikoa zen arren, harrapatzen nindoan lasterkariak okerrago baitzeuden, eta zati honetan zertxobait aurrera egin nuen.

3. etapa

3. etapa erabat ezberdina zen, XCO-ko lasterketa motz baten hantzekoa. 6,5 kilometroko zirkuitu bati 4 bira eman behar genizkion. Zirkuitua ez zitzaidan batere gustatu. Herri erdian aldapatxoz eta kurba itxiz josiriko tarte baten ondoren, igoerako zatia zegoen. Zati hau estua zen, aurrera egitea ia ezinezkoa eginez, eta zati honen tarte batzuk oinez egin beharrekoak ziren. 

Jaitsiera berriz, oso azkarra, pista batean ziztu bizian zati txiki bat izan ezik. Nire ustez, zirkuitua beste norantzan egin izan bagenu askoz politagoa eta dibertigarriagoa izango zen.

Lasterketa, XCO-ko edozein lasterketa bezalakoa izan zen, herio batean hasi eta herio batean segi amaitu arte. Ez dira niretzako lasterketarik politenak ,ezta egokienak ere, beraz, pasa beharreko tramite bat bezala hartu nuen.

4. etapa

4. etapa denetan lauena zen, errodatzekoa. 1380 metro desnibel positibo pilatzen ziren 53 kilometroko ibilbidean. 

Aldapan gora abiatu ginen zenbait pistetan zehar, asfalto zati batzuk tartekatuz. Azkar atera ginen, eta taldea segituan 20 bat txirrindulariz osaturik geratu zen. Neuk ere zenbait metro galdu nituen, baina majo sufritu ondoren berriz sartzea lortu nuen.

Izugarrizko hauts pila zegoen tarte batean barrena joan ginen, gure aurrean 2 metrotara zer zihoan ere ikusten ez zelarik. 

15. kilometro inguruan aldapatxo batean metro batzuk galdu eta beste txirrindulari batekin geratu nintzen, baina segituan bide gurutze batean nahastu egin zen, eta ondorengoan ni, eta bakarrik joatera pasa ginen.

Pare bat kilometroko igoera etzan baten ostean, harrikari batean behera egin genuen, eta han 3 bat lasterkariko taldetxoa osatu ginen. Hauekin kilometro dezente egin nituen. Bailara polit batean gora sartu ginen, eta ondoren behera, bidexka tekniko xamar batean. Bertan, harri batekin kurpila jo eta eroriko gogor xamarra izan nuen. Zorionez ez nuen min handirik hartu eta, zutitu, bizikleta ongi jarri eta aurrera jarraitu ahal izan nuen.

Bailara honetatik atera bezain pronto, beste batean sartu ginen, laku bat inguratuz. Aldapa gogor bat igo ondoren, zertxobait jaitsi eta bidexka estu eta tekniko batean gora egin genuen. Bertan oinez egin beharreko tarte ugari zeuden. Hauetariko batzuen artean zegoen jaitsieratxo batean berriro erori nintzen, manillarra kurpilarekiko okertuz. Baina oraingoan ere ez nuen min handirik hartu, beraz, berdina: zutitu, bizikleta ongi jarri eta aurrera.

Honen ondoren azken jaitsieran sartu ginen. Jaitsieran oso polita. Amildegi baten ertzean zioan bidexka batean hasieran, eta baso zoragarri batean ondoren. Benetan gozatzekoa, azken zatia batez ere.

5. etapa

Honelaxe iritsi ginen azken etapara. Azken hau benetan polita paisaiaz, eta ibilbidez ere, txukun samarra.

Hasi bezain pronto Mont Cenis portura igotzen ginen, hara iristean, bertan dagoen lakua inguratu eta azkenik, berriro helmugara jaitsi.

9 bat kilometroko aldapa gogorra zen hasi bezain pronto aurre egin beharreko zailtasuna. Gustura igo nintzen, erritmo onean, pixkanaka-pixkanaka zertxobait aurrera eginez. Behin gora iristean, bidexka batean gora jarraitzen genuen, eta punturik altuenera iristean mendiaren albo batetik egiten genuen aurrera amildegia baten ertzean zihoan bidexka batetik. Benetan bide polita zen, eta paisaia ere zoragarria, mendiz inguraturiko lakua genuelarik azpian. Pista batean jaitsi ondoren, lakuaren ertz bateko pareta igaro eta beste ertzean zehar egin genuen pista zabal batetik. 

Aurreko tartean zenbait txirrindulari elkartuz joan ginen eta 6 bat txirrindulariko taldetxoa eratu genuen. 

Azken jaitsierara iritsi ginen, jaitsiera polita, bidexka batean zehar, baina teknikoki zailtasun handirik gabekoa.

Honela, jaitsiera amaitu eta helmuga zeharkatu genuen, 5. Eguneko abenturari amaiera emanez.

Lasterketa polita izan zen Transmaurienne Vanoise. Paisaiak zoragarriak, ibilbidea polita, bidexka eta jaitsiera zoragarriz betea, eta antolakuntza ere oso ona. Zerbait txarra edo hobetu beharrekoa aipatzekotan, oinez egin beharreko tarteak, nire gusturako, gehitxo izan zirela litzateke, baina egia esan, paisaiek eta gainontzeko ibilbideak hau azkar ahaztuaratzen zuten.

Emaitzarekin gustura amaitu nuen. Lasterketaren hasierara Mont Blanc-eko tour-ean eginiko esfortzua ondo errekuperatu gabe iritsi nintzen, baina aurrez ere banekien egun bakarrean guztiz errekuperatzea ez zela posible izango eta onarturik neukan. Lehenengo egunean bidez nahastu izanak denbora galera suposatu zidan sailkapenean, baina ez dut uste honek azken emaitza asko aldatuko zukeenik, pare bat postu gehienez. Azkenean, sailkapen orokorrean 25. amaitu nuen, oso gustura lasterketan zegoen maila ikaragarria kontutan hartuz batez ere.