Tour du Mont Blanc

Goizeko 5ak laurden gutxiago, motxila eta poltsikoak janez beterik, baina baita burua zalantzaz beterik ere. Aste honetan harrapaturiko birusa guztiz gainditua izango dut? Hainbeste orduan gorputzak eutsiko dio? Inongo asistentziarik gabe, sortu daitezkeen arazoak konpontzeko gai izango naiz?

Hau zen pasa den larunbatean, uztailak 20, les Saisies-eko eski estazioan neukan panorama. “Tour du Mont Blanc” zikloturista martxaren irteeran nengoen. Urteetan izan dut martxa hau egiteko asmoa baina, eguna iritsirik burua ez zegoen gorputza bezain prest, zalantzatsu nengoen, triste ia. Hala ere, konturatzerako, argiak piztu eta martxan ginen, les Saisies-eko mendatean behera abiada bizian, zalantzentzako denbora amaitua zen.

330 kilometro eta 9000 metrotik gorako desnibel positibo baina gehiago genituen aurretik. Logikak, lasai hartzeko esango luke, baina ez zen horrelakorik ikusten. Teorian, lehen jaitsiera neutralizatua zen, baina errealitatean, gehiago izan zen “trascoche” bat. Ni nahikoa atzean atera nintzen, eta bizi xamar jaitsi arren, ez nintzen aurrekoengana iritsi. Lehenengo jaitsierak bigarren bat zuen atzetik, ia segidan, baina tartean zegoen sasi ordekan, beste hiru bat txirrindularirekin zenbait errelebo indartsu eman ondoren 20-30 bat kideko tropeltxo batera iritsi ginen. Lehen taldea izango zela pentsatu nuen, baina 8-10 bat txirrindulariko taldetxoa zihoan aurretik. Ez nituen egun osoan ikusi hauetariko gehienak.

Taldea harturik, argi neukan egin beharrekoa, indarrak gorde. Taldean eutsi gurpilean indar asko gastatu gabe joateko Grand Saint Bernard mendatearen azken zatiraino bederen, gurpilean joateak mesede gehien zuen tartea baitzen hau.

Mendateetan gora erritmoa nahikoa bizia zen, baina nahiko eroso nindoan. Erritmo bizitzeren bat ere egin zuen tropeltxoko kideren batek, baina ez zen inora joan.

Grand Saint Bernard hasieran, oraindik sasi-ordekan gindoazela, lehen anoa postua zegoen. Hemen ikusi ziren aldeak. Talde erdiak aurrera egin zuen, hornidura ematen zien norbait baitzuten lasterketan zehar (emaztea, lagunak, familia…), besteok ahalik eta arinen, zerbait jan, poltsikoak eta ur potoak bete, eta abian jarri ginen berriz. Berotu on bat hartuaz, anoa postutik ni baino lehentxeago atera zen txirrindulari bat harrapatu nuen, eta haren gurpilean jarri nintzen. Geratu ziren besteak, ez nituen berriro ikusi.

Grand Saint Bernard-en gora, nire taldekidearen gurpilean joatea erabaki nuen. Erritmoa ez zen oso bizkorra, eta aurrez tropelkide izan genituenengandik oso hurbil egotera iritsi ginen arren, hauek tartea egiten joan ziren. Argi neukan hobe zela oraindik indarrak gordetzea, helmugaraino kilometro asko geratzen baitziren. Honela, mendateko azken kilometroetara iritsi ginen. Haietan maldak pikoagoak dira, eta bertan, neure erritmoan aurrera jarraitu nuen, kidea atzean utzi eta pixkanaka piskanaka lasterkariak harrapatuaz mendatearen gailurrera iritsi arte. Bertan, betikoa, ur potoak eta poltsikoak bete, jan, eta jaitsierarako xira jantzi.

Jaitsiera azkar baten ondoren, konturatzerako, eskuinetara egin eta aldapa gora ginen berriz. Aosta bailararen saihets batetik gindoazen gora eta gora, bailararen sakonetik ordekan lasai asko joan beharrean, baina nola kexatuko gara ba, hau izaten da eta nahi duguna. Portua amaigabea zen, bukatu zenaren ustea genuen bakoitzean, tartetxo bat beherantz egin eta berriro gora egiten zuen errepideak. Tarte honetan bi txirrindulari harrapatu nituen eta beraiekin egin nuen aurrera. Bietako bat, zertxobait geratu zen aldaparen batean, baina azkenean berriro elkartzen amaitu genuen.

Amaigabea egin zen tarte hau azkenean amaitu zen, jaitsiera piko eta arriskutsu batekin, eta Aosta bailararen sakonetik egin genuen aurrerantz kilometro gutxi batzuetan, hurrengo anoa postura iritsi arte. Bertan kideek aurrera egin zuten, laguntzaileekin bait zioazen, baina nik, betikoa; ur potoak bete (eta barneko urak hustu), poltsikoak ondo bete, zakarrak bota eta zertxobait jan ondoren, berriro ekin nion bideari.

Anoa postu hau pasa eta segituan, eguneko mendaterik gogorrenari aurre egitea tokatzen zen, Colle San Carlo mendatea. 10,5 kilometro %10etik gorako bataz-besteko penditzarekin, eta hau 200 kilometrotik gora egin ondoren. Argi neukan portu hau ongi pasatzea ezinbestekoa zela, hemen jada gaizki sentituz gero helmugarainoko bidea amaigabea egin daitekeelako. Lasai, nire erritmoan ekin nion aldapari, eta ondo nindoan. Segituan pasa nituen aurrez nirekin joaniko 2 kideak. Erritmo polita harturik ondo nindoan, baina azken 5 kilometroak luzeak egin zitzaizkidan. Bizikletan neukan garapenak ez zidan kadentzia egokirik hartzea ahalbidetzen eta indarka nindoan. Hala ere, ondo amaitu nuen mendatea, eta la Thuillerako jaitsiera motz baten ondoren Petit Saint Bernard mendatean gora nintzen segituan. Mendate hau ez da oso gogorra, eta haizea kontran genuen arren, erritmo lasaia hartu eta konturatzerako goran nintzen.

Hara iristean, errituala, anoa postuko egin beharrak. Segituan nintzen aldapan behera. Jaitsiera gogaikarria, luzea, pedalei eman beharrekoa, zoru txarrekoa… Amaigabea egin zitzaidan, baina behingoz iritsi nintzen Bourg Saint Maurice-era. Azken bi mendateak falta, egina dagoela sinestarazten saiatuz neure buruari.

Cormet de Roselend, portu ez oso gogorra, baina gogaikarri samarra. Lasqi hasi nintzen, asko edanez, bero egiten baitzuen, baina segituan, edati energetikoa ezin edanean nintzen, oso gustu txarrekoa egiten zitzaidan. Portuaren lehen herena txukun xamar egin ondoren, momentu batetik bestera, hustuta sentitzen hasi nintzen, krisia! Zerbait jan, geratzen zitzaidan ur apurra erregulatuz edan, aurreraxeago beste zerbait jan, eta nola hala, iritsi nintzen gailurrera. Bertan anoa postuko bi mutilek ederki atenditu ninduten, ura eman, ondo nindoan galdetu, denetik eskaini, hankak ondo nituen galdetu…masajetxorik nahi ote nuen ere galdetu zidaten! Hauen animoek berpizturik azken jaitsierari ekin nion, ziztu bizian, motibaturik, baina laister nintzen trafikoak gelditurik.

Jaitsiera amaitu zela konturatzerako, bidegurutze bat eskuinerantz, eta azken portuan gora nintzen. Nire erritmoa hartu, eta ttipi-ttapa banindoan gora, gustura. 5 bat kilometro egin ondoren, kilometro erdiko jaitsieratxoa, bailararen alde batetik bestera aldatuaz, eta azken 8 kilometroak. Atzetik minutu eskasera aurretik nirekin joaniko kide bat ikusi nuen, eta estutzen hasi nintzen. Azken zati honetara honela iritsirik, postua mantendu nahi izan nuen. Erritmo dezentean nindoan gorantz, kilometroak gutxinaka-gutxinaka nola botatzen nituen ikusiaz, baina nire atzetik zetorrena ere ahalegin bizian zetorren, azken mendatean izatea pentsatu ahal izango nuena baino erritmo biziagoan bait nindoan, eta hala ere, ez nuen tarterik handitzen.

Horrela, azken indarrei ahalik eta etekin gehien ateraz les Saisies-eko herrian nintzen, azken kilometroan, herria zeharkatuz bizi-bizi aldapan gora. 

Behingoz, helmuga, poza, egun luze baten ondorengo atsedena. 13 ordu eta 7 minuturen ostean iritsi ginen, Mont Blanc inguratu ostean 3 nazio zapalduz, 6. postuan iritsi nintzen helmugara, “estilo alpinoan” kanpoko laguntzarik gabe, mendi munduan esango zuten bezala.

Abentura polita izan da, neure buruaren mugek hau egiteko lain ematen dutela ikustea, neure buruaz harro eta gustura. Errepikatzeko modukoa? Ezetz esango dut, batekin nahikoa, baina… auskalo, agian denborak ideiak aldatuaraziko dizkigu noizbait, hori gertatzen bada etorkizun urrun batean izan dadila!