MB Race 2019

«La course VTT plus difficile du monde edota munduko BTT lasterketarik zailena». Horrela definitzen dute MB Race lasterketa bere sortzaileek. Eta, ez da gutxiagorako, 140 kilometro eta 7.000 metrotik gorako desnibel positiboaz, UCI marathon series Munduko Kopako probarik luze eta gogorrena baita. Parte hartzaileen %6k soilik lortzen du amaitzea, beraz, argi dago ez dela brometan hartu beharreko proba.

Guztia hau kontutan harturik, eta sentsazio txarrekin ibilitako aste baten ondoren errespetu handiarekin eta beldur puntu batekin aurkitzen nintzen Combloux-ko irteeran uztailaren 6an. Suitzar parajeez astebete pasa disfrutatu ondoren, eta han eginiko esfortzuez guztiz errekuperatu gabe beharbada, partehartzeko gogo handia nuen proba honetan nintzen, atzera egiteko beranduegi zelarik.

Motxila araudiak aipaturiko materialez eta janez beterik, goizeko 6retan ekin genion probari. Burukoak ez ziren ziztu bizian atera, baina bai erritmo majo xamarrean, eta aurreneko metroetan bertan aurrera joaten utzi nien jarraitzeko inolako esfortzurik egin gabe, argi bait neukan nire erritmoa hartu eta inorekin itsutu gabe joatea zela jarraitu beharreko estrategia.

Segituan hasi nintzen jendea pasatzen, hauek, egokia zitzaiena baino erritmo altuagoan irten bait ziren. Pixkanaka, paisaia zoragarriez gozatuz, aurrera nindoan lasterketan. Kontu handiz hartzen nuen bakarra ondo jan eta edatea zen soilik, erregularki eta kantitate egokian. Lasterketa erdira arte ez nuen behar adina edan, lasterketaren hasieran ur-potoetako bat erori bait zitzaidan, eta anoa postu guztietan betetzen nuen arren, aproposena litzatekeen kantitatea baino gutxiago zen. 70. kilometroan, helmugatik pasatzean, anaia eta lagun bat bizikletarekin ikusten zeuden, eta beren potoetako bat eman zidaten. Konpondua dena!

Probaren bigarren erdian nintzen jada, eta gustura nindoan, aurrez espero nezakeena baino hobe agian. Oso tarteka lasterkariren bat aurreratzen nuen eta honek ere psikologikoki laguntzen zuen. 90. kilometro inguruan amaitzen zen mendatearen gailurretik gertu, beste txirrindulari bat pasa nuen, eta momentu hartan ez nekien arren, 11. postuan jarri nintzen.

Baina hau gertatu eta oso gutxira, jaitsiera hasi eta 200 bat metro eskas naramatzanean aldapa behera, harri batekin kubiertaren alboetako batean zulo handi xamar bat egin nuen. ¨Metxak¨ atera eta konpontzeko saiakeretan hasi nintzen, baina zuloa handiegia zen, eta ezin izan nuen konpondu. Aurreko egunetan buelta asko eman nizkion proban aterako nuen materialari, eta lagunarekin komentatu ostean, zulatuak konpontzeko kamararik gabe ateratzea erabaki nuen, kamara jartzeko bezain besteko zuloa egin izan dudan gehienetan, ondoren, kamara ere segituan zulatu izan baitut. Nire burua ia 2000 metroan bizikletako gurpila zulatuarekin ikusirik, zer egin pentsatzen hasi nintzen, baina segituan erabaki nuen. Buruari buelta asko eman gabe, xuabe-xuabe beherantz abiatzea pentsatu nuen. Han gora ez zen inor gerturatuko eta oinez jaistea baino kontu handiz eta poliki-poliki behera egitea izango zela egokiena erabaki nuen.

Horrela, halako batean, 8-10 kilometro luze egin ostean, 100. kilometroko anoa postura iritsi nintzen. Bertan, 100 kilometroko lasterketan parte hartzen zutenen helmuga zegoen, eta han lasterketa uztea pentsatua nuen. Baina, kasualitatez, lasterketa osoan zeuden bi laguntza mekanikoko postuetariko bat ere bertan kokatua zegoen. Bertan, anaia eta laguna nituen zain, eta hauek indarrez ongi banindoan jarraitzeko esaten zidaten. Nik, berriz, kamara sartuta ere seguruenik berriro zulaturen bat izango nuela esaten nien, baina pare bat minutuz zalantza egin ostean, gurpila konpondu eta jarraitzea erabaki nuen.

Gurpila konpondu bitartean ongi jan eta edan ostean 5-10 minuturen buruan, berriz abian nintzen. Lasai hartu nuen, nire erritmoan, atzera eginikoa errekuperatzeko inongo asmorik gabe, bestela, itsutu eta indarrez husteko beldurra bait nuen. 

Azken aurreneko portua igo nuen eta bukaera aldera zenbait lasterkari harrapatu nituen, berriro 12. postuan jarriz. Portua jaitsi eta azken igoeran kilometro gutxi batzuk naramatzanean, indar hustutzen hasi nintzen. Azken kilometroetan jan edanak pixka bat deskuidatu nituen, eta honelako lasterketa batean normala den bezala, ordaintzen hari nintzen. 

Txirrindulari batzuk pasa zidaten azken portuaren azken kilometroetan, baina egia esan, momentu horretan berdin zidan, helmugara iristea beste helbururik ez nuen. 

Azken jaitsiera amestua bukatzean, azken kilometro sigi-sagatsu batean sartu ginen, Combloux-ko herriko espaloietan zehar, eta bertan, bidegurutze batean nahastean, beste txirrindulari batek pasa ninduen.

Pasatako guztia kontutan eduki arren, helmugan oso gustura nengoen. Proba amaitzea lortu nuen, eta 16. postuan sailkatu nintzen, proba gauzatu aurretik egin nitzakeen aurreikuspen guztien gainetik. Gainera, nire burua hain aurrean ikusteak etorkizunerako motibazio bezala balioko dit, ezetz esaten duten arren, hein txiki batean, ilusioez ere bizi bait gara.

Bukatzeko, lasterketaren inguruko aipamen txiki bat egin nahi nuek. Nire iritziz, oso lasterketa polita da MB race-a, gogorra bai, baina baita ederra ere. Paisaia zoragarriak, antolakuntza oso ona, jaitsiera zoragarriak… Hurrengo urtean ez da izango, baina noizbait itzuli nahi dudan proben zerrendara doa zuzenean MB race lasterketa.

P.D.: “Tolosaldeko Ataria”-n nire lasterketaren inguruan publikaturiko artikulua. Eskerrik asko Ataria!

https://ataria.eus/orendain/1562849751321-hamaseigarren-munduko-lasterketarik-gogorrenean