Euskal Herriko errepideko txapelketa – Ataun

Ekainaren 6an, 2021. urtean lehiatzea aurreikusirik dudan errepideko lasterketa bakarra izan nuen. Elite eta 23 urtez azpikoen Euskal Herriko txapelketa izan zen, Ataunen, beraz, etxeko errepideetan.

Goizeko 10etan 117 txirrindularik tartean 5 mendate zituen 128 km-ko ibilbide gogorra gainditzeari ekin genion, bizikletan haritzeko eguraldi ederrarekin.

Lehen kilometroetan ihesaldi saiakera ugariren ondoren, azkenean, 3 txirrindulariz osaturiko taldeak egin zuen aurrera, eta momentu horretantxe bertan, pelotoiaren joa erabat geratu zen, erritmo oso lasaiean joatera pasaz. Kilometro ugari, era kontrolatu samarrean egin ondoren, naiz eta mugimendu bakanen batzuk izan tartean, Urkillagako igoerara iritsi ginen aurrez Abaltzisketako maldak bi aldiz igoak genituelarik. Bertan, Julen Latorrek mendate erdi parean eraso gogorra jo zuen, eta taldea erabat apurtu zen. 8-12 kideko taldetxoa pasa ginen gainetik buruan, eta jaitsieraren ondoren beste txirrindulari gutxi batzuk ere talde honetan sartu ondoren, bertako kideok aurrera egin genuen, eraso artean, Itsasondo pasa eta gutxira pelotoiak irentsi gintuen arte.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Momentu hartantxe bertan erasoa egon zen pelotoian eta 15 bat kideko taldeak aurrerantz egin zuen. Mugimendu arriskutsua zela ikusi genuen eta atzean ere aurrera egiteko saiakerak egon ziren. Horietako batean, Eulen taldeko bi txirrindulari mugitu zirela ikusiz, hauen atzetik irten nintzen. Taldetxoan kiderik ez zuen talde bakarra zen, beraz, hauek ere norbait sartuz gero, atzean ez zen lanerako inor geratuko. Kostata, baina azkenean bi txirrindulari hauek eta ondoren atzetik iritsiriko hiruzpalaurekin, Alegia pasa ondoren, taldera sartzea lortu genuen.

Honela, Larraitzeko azken igoeraren hasierara iritsi ginen, talde honetan, pelotoiarekiko minutu erdi edo minutu inguruko errentarekin. Electroalavesa taldeko txirrindulari baten erritmoan gindoazen aldapan gora, baina lehen kilometroa igotzean pelotoia gertu samar ikusi eta erasoa jo nuen. Bakarrik pasa nintzen gainetik, baina Larraitzen, jaitsiera hasten den puntuan Lizarteko Unai Aznar heldu zen niregana. Gaintzan gora ondo kolaboratu ostean, jaitsi eta Zaldibian Lazkaomendiko mendatea igotzeari ekin genion biok.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Lazkaomendin gora Unaik gomarena egin zuen pixka bat, baina ondo heldu zion nire gurpilari. Atzetik zetorren taldea nahiko gertu zen, eta bertan zetorren Ailetz Lasa-k gaina baino lehentxeago harrapatu egin gintuen. Hiruok batera pasa ginen gainetik, baina Lazkaorako jaitsiera hasi aurretik, tartetxo bat jaitsi ondoren, 400 bat metroko igoeratxoa pasa beharra genuen, eta bertan, Ailetz-ek erritmoa bizitu zuen, bere gurpilera atera nintzen, baina aldaparen erdi parean izter atzean, gihar iskiotibialean, karranpak izan nituen eta gurpila galdu nuen. Unaiek ere pasa ninduen eta 10 bat metro galdurik pasa nintzen aldapatxo honetako gainetik, baina ez nuen lortu berriro aurrekoekin bat egitea.

Atzetik zetorren boskoteak irentsi ninduen jaitsiera bukatu bezain pronto. Hauekin hala nola errelebora sartuz helmugara iritsi ginen, baina nire hankak ez zeuden esprinta lehiatzeko moduan. 7. postuan sailkatu nintzen.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Izugarrizko pena eman zidan, paregabeko aukera izan nuen lasterketa irabazteko, eta karranpen ondorioz alperrik galdu nuen aukera. Gainera, Gaintzara igotzen astean geratzen zitzaidan gela jaten saiatu nintzen, baina hortza bat apurtuta izanik, ezin izan nuen ireki, eta ura eskatzean ere, jada anoa-gunea itxita zegoela eta, ez zidaten eman. Inoiz ahaztuko ez dudan lasterketa, akatsaz ikasteko balio izatea espero dut behintzat.

Argazkiak: @ixonenunez.ph