Festive500#6 – Egun epikoa; Gaua, hotza, haizea, nekea eta zoriona!

Azkenean, iritsi zen azken eguna. Erronka handia zen aurreneko egunetan pasa gabe utziriko herrietatik pasatzea, baina aurreko egunean gauez ibili eta etxera 20:00retan iritsi ondoren, nire helburua lortzen saiatzeko azken esfortzu bat egitea erabaki nuen. Agian ez nuen lortuko, baina saiatu gabe ezin nintzen geratu.

Ideia guzti hauek buruan bueltaka nituela, gauez ibiltzeko behar nuen material guztia prestatu nuen, gauez eta hotzarekin segurtasunez bizikletan ibiltzeko beharrezko material guztia motxila batean sartuz, eta baita denbora pixka bat euripean egiteko beharrezko materiala ere, bada-ez-bada. Eguraldiaren iragarpenak goiz erdirarte behintzat ez zuen prezipitaziorik aurreikusten, baina nire kalkuluen arabera goiz guztia beharkjo nuen nire helburua lortzeko, beraz, planak ez zuen itxura oso onik. Denboraren bat euripean egiteko prestaturik nindoan, baina era berean argi nuen baldintzak ez baziren egokiak ez nuela inongo ergelkeriarik egingo, nire saiakera alde batera utziko nuela.

Era honetan, goizeko 6:20an, gau hotzean, nire azken irteerari ekin nion. Mandubiara igo nintzen Azpeitia aldera jaitsiz, non Nuarbeko urtegia inguratu ostean eskuineruntz biratu eta Santa Agedara igo nintzen Beizamako aldetik, portuaren azken kilometroak elurrez inguraturik eginaz. Bidania-Goiatztik pasa ostean, Azpeitiara jaitsi nintzen Errezildik eguna argitzen ikusten nuen bitartean, eta ondoren Elgoibarrerantz jarraitu nuen Azkarateko mendatea igo eta jaitsiz. Ibarrean behera kostalderuntz egin ondoren Kalbarioko portua igo eta Mutrikura jaitsi nintzen bertan kostaldeko errepidea hartu eta Itziar igo eta jaitsi ondoren Zestoaraino joateko. Bertara iristean buelta erdia eman eta Aizarnazabalerantz zuzendu nintzen, Zumaian berriro kostako errepidea hartu eta Orioraino joateko aurrez Zarautzen kafe bat hartu eta indarrak berreskuratzeko mokadu azkar bat egin ostean. Orion, Usurbidik pasaz Lasarte-Oriara doan bidea hartu nuen. Andoaindik pasa ondoren, Adunatik pasa eta Larraulera igo nintzen. Nire helburua betetzeko herri bakarraren faltan, Tolosarantz igo nintzen, nekaturik, eginiko kilometroen eta eguneko zati handi batean jasaniko kontrako norantzako haizearen ondorioz, eta bertan Gaztelurantz igotzen hasi nintzen. Igoera motel baten ondoren, azkenik, nire helburua lortu nuen. Kanpai hotsarekin bat! Helburua beterik, etxera itzuli nintzen haranean gora motel-motel, non, iritsi eta ordu erdi ingurura, euria hasi zuen. Ongi kalkulatua!

213 kilometro egin nituen, 3.420 metroko desnibel positiboa metatuz 7 ordu eta 50 minututan, 4,8 ÂșC-ko batez besteko tenperaturarekin 37 herritatik pasaz.

Pasatu nituen herriak: Aduna, Aizarnazabal, Aia, Alegia, Andoain, Anoeta, Asteasu, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Beizama, Bidania-Goiatz, Deba, Elgoibar, Errezil, Gaztelu, Getaria, Ibarra, Ikaztegieta, Idiazabal, Itsasondo, Larraul, Lasarte-Oria, Legorreta, Leaburu, Mendaro, Mutriku, Olaberria, Orio, Ordizia, Usurbil, Tolosa, Zarautz, Zestoa, Zizurkil eta Zumaia.