Festive500#5 – Eguraldi onaren bila; gauez irteera frustrazioaren eta eromenaren ertzean

Jasaten hari ginen eguraldi txarraren ondorioz pare bat egun bizikleta ukitu gabe pasa ostean, Gipuzkoako herri guztietatik pasatzeko nire helburua lortzeko esperantzak itzaliz zihoazen. Eguraldi aurreikuspenek egunean zehar hotza eta euria egingo zuela eta iluntzean atertzera egingo zuela iragartzen zuten. Urteko azken egunerako, berriz, eguerdi aldera euria itzuliko zela iragarri zuten.

Panorama ezkor honekin, zenbait ideia “zoro” hasi ziren nire buruan borborka. Gauean zehar ateri eutsiko zion, beraz, zergatik ez gauez ibili bizikletan? Baina ez, ezin zen, etxeratze agindua zegoen indarrean. Ongi, baina halere, gaueko zenbait ordu aprobetxatu nitzakeen gauez ibiltzeko.

Honelako ideiak buruan nituela, helburua lortzea zaila zela pentsatu nuen, baina egin ezin nuena saiatu gabe geratze zela erabaki nuen. Era honetan, goizez lan egin ondoren, lehengusuari gauez segurtasunez ibili ahal izateko zenbait material eskatu eta arratsaldeko azken orduan bizikletan atera nintzen lanbropean.

Azken eguneko ibilbidea errazteko gakoak izan zitezkeen herri batzuetatik pasaz zenbait kilometro egin ahal izan nituen, honela nire helbururantz zertxobait gerturatzen ari nintzenaren esperantzan. Ibarrean behera jaitsi nintzen Alegiarantz, bertan eskuinerantz egin eta beste ibar batean gora Amezketara iritsiaz. Haran berdinetik jaitsi ondoren, Altzora igo nintzen, non gauez egin zitzaidan, eta Nafarroara sartzen den ibarrean gora jarraitu nuen Lizartzan ezkerreruntz egin eta Orexara igoaz. Azkenik, Albizturrera igo nintzen Tolosatik pasa ondoren, eta ibarrean gora etxeruntz igoz amaitu nuen, aurrez, berriro Tolosara jaitsi ostean. 

3 orduko ibilbidea egin nuen, 87 kilometro eta 950 metroko desnibel positiboduna, 15 herri pasaz 2,3ºC-ko batez besteko tenperaturaz.

Pasaturiko herriak: Albiztur, Alegia, Altzo, Amezketa, Beasain, Ikaztegieta, Idiazabal, Itsasondo, Legorreta, Leaburu, Lizartza, Olaberria, Orexa, Ordizia eta Tolosa.