Festive 500: 6 egun Gipuzkoa zeharkatuz

Urte zaila izan da denontzat. Urte arraro honetan, mugikortasun mugak medio, gure herritik ezin aterean aurkitu gara. Gutariko batzuk, txirrindulariok esate baterako, gure herriaren inguruetatik ibiltzen ohituak gaude eta ondorioz gure gertueneko ingurunea ongi ezagutzen dugu. Baina beste jende askok etxe ondoan dituen altxorrak orain deskubritu ditu, beste inora joan ezin izanik, espero ez zituen leku zoragarriak ezagutu ditu. Inspiraziotzat gertaera hauek harturik, nire #Festive500-aren barne harturiko bizikleta irteeretan nire herri inguruko lekuetatik ibiltzea erabaki nuen. Zehatzago esanez, nire probintzia osatzen duten herri guztietatik pasatzeko helburua finkatu nuen, #Festive500 lokala.

Iberiar penintsularen iparraldean bizi naiz, Euskal Herrian, Gipuzkoako probintzian kokaturiko herri batean. Gipuzkoa Euskal Herriko 7 probintzietako bat da eta 88 herriz osatua dago, beraz, nire helburua 88 herri guzti hauetatik pasatzea izan da.

Baina Gipuzkoako herri guztietatik pasatzeko helburu hau ez dut edozein baldintzatan lortu nahi izan, nire buruari zenbait baldintza ezarri nizkion. Era natural batean egitea pentsatu nuen, hau da, etxetik irten eta etxera iritsiz ondoren, inongo laguntza motarik gabe, estilo “alpinoan” (autosufizientzian). Beste era batera esanik, beste edozein urtarotan bezalako irteerak eginez, etxetik irten eta iritsiz, dena neure kabuz eginaz, inongo laguntza edo garraio osagarririk gabe. Gainera, ahalik eta ibilbide “natural” edo “logiko”-enak egiten saiatu nintzen, hots, ibilbide zirkularrak posible izan ez gero. herri ezberdinetatik pasaz, ez bide berdinetik joan eta etorriaz berauetara iristeko helburu bakarraz. Salbuespenak egin behar izan ditut, zenbait herritan errepidea bertan amaitzen delako esate baterako, baina ahal izan ez gero era “natural”-ean egiten saiatu nintzen.

Nire helburua lortzeko 6 irteera ezberdinetan banaturiko 32 ordutan 900 kilometro egin nituen, hauetan 14.160 metroko desnibel positiboa metatuz. Bereziki aste hotz eta euritsua izan zen, eta horren adierazgarri da bizikleta gainean pasaturiko ordu guzti horietan 3,7ºC-ko batez-besteko tenperatura izan nuela, baina halere, gozamenez beteriko 6 egun zoragarri izan dira.