Festive 500#1 – Bagoaz! Lagunak eta dibertsioa

#Festive500 erronkan nire helburua lortzen buru-belarri saiatuko ote nintzen, edo sinpleki helbururik gabe bizikletaz gozatzera irtenaz egingo ote nuen argi izan gabe hasi nintzen.

Lehen egun honetan zenbait lagunekin irten nintzen bizikletan, horietariko bi txirrindulari profesionalak, beraz, nire ibilbidea hauek egin beharreko lanera egokitu nuen, nondik nora gindoazen axolarik izan gabe, lagunen konpainiaz gozatuz soilik. Dena den, herri ugari pasa genituen, eta ibilbide luze xamarra egin genuen, gabon gaueko afarirako gosea eginez.

Tolosarako norantzan abiatu nintzen etxetik, bidean lagun batekin elkartzeko. Berarekin topatzen buelta erdia eman eta bailaran gora egin genuen beste bi lagunekin topatzeko, eta behin denok elkarturik, Otzaurtera joan ginen, Zegaman. Aizkorriko mendizerraren oinean dagoen igoera, mendi lasterketen munduan ezaguna Zegama-Aizkorri proba entzutetsuaren ondorioz. Bertatik, Segurara jaitsi eta Aztiria igo genuen Mutiloatik, minetako bidetik. Udanara Brinkolako auzotik pasaz bira txiki bat egin ondoren igo eta gero, berriro jaitsi eta hotz ez geratzeko azkar batean Zumarragan kafe bat hartu ondoren, Ezkiora igo ginen lagunetariko bati etxera lagunduaz. Bertatik Tolosara jaitsi eta Leaburura igo nintzen Belauntza aldetik, beste lagunari etxeraino lagunduaz. Azkenik, etxeranzko bidea hartu nuen, baina txindokipeko bidetik, Orendain eta Gaintzatik pasaz, ondoren Zaldibiara jaitsi eta Lazkaomendi eta Olaberriatik pasaz etxeraino iristeko.

181 kilometro eta 2.760 metroko igoera metatuko ibilbidea egin nuen 6 ordu eta laurdeneko denboran, 28 herri ezberdinetatik pasaz, 5,6ÂșC-tako batez besteko tenperaturarekin.

Pasaturiko herriak: Abaltzisketa, Alegia, Beasain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Zegama, Elduaien, Ezkio-Itsaso, Gaintza, Ibarra, Ikaztegieta, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Leaburu, Legazpi, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Orendain, Ormaiztegi, Segura, Tolosa, Ordizia, Urretxu, Zumarraga eta Zaldibia.