Tierra Estella Epic 2019

Joan den igandean nire aurtengo denboraldiko azkeneko lasterketan hartu nuen parte. Tierraestella epic proba entzutetsuan izan zen, 90 kilometro eta 2800 metroko desnibel positiboko bidexkaz josiriko ibilbidean. Orain dela urte gutxi sorturiko proba izan arren, egutegian oso presente dagoen proba da, ospe handia duen proba bihurtu baita, eta aurten UCI 3 maila estreinatu du.

Goizeko 9etan ekin genion probari. Lehen unetik ziztu bizian joan ginen. 4. kilometroan lehen bidexkak hasten ziren eta bertara lehen postuetan sartu nahiaren lehiak lasterketaren hasieratik erritmoa oso bizia izatea eragin zuen.

Lehen bidexka zatietan taldea guztiz luzatu eta puskatu zen. Lasterketa irabazteko hautagai nagusiek osaturiko 5-6 txirrindulariko taldetxo bat eratu zen lasterketaren buruan, eta atzetik 5-6 unitateko taldetxoak gentozen, zeinak elkartzen joan ginen eta 10 bat txirrindulariko taldea eratu genuen aurrekoekiko minutu erdi ingurura.

Gure taldeak kilometroak pasa ahala zenbait unitate galdu zituen 6ko taldetxoan bihurtuz, baina aurrean ere erritmo biziak eragina izan zuen eta 30. kilometroaren inguruan, gutxi-gora-behera, 3 txirrindulari soilik zihoazen lehen taldean.

40. kilometro inguruan hanketan karranpak sentitzen hasi nintzen. Lehen bi orduak bakarrik geneuzkan eginak, baina erritmo azkarrean, eta ez nuen ia urik edan 2 ordu hauetan. Hemendik aurrera sarriago edaten hasi nintzen, baina beranduegi zen.

45. kilometrotik aurrera beste lasterketa bat hasten zela esan zidaten ibilbidea ezagutzen zutenek irten aurretik, eta arrazoi zuten. Bidexketan taldeak deseginez zihoazen, eta indarrak jada justuagoak zirenez, sailkapenak gora-behera etengabeak zituen. Bakarrik egin nuen hemendik helmugarainoko ibilbidearen zatirik handiena. Zenbait gora-behera izan nituen, kruzeren batean pasa, edo bizikletan trabatu zitzaidan alanbre luze bat, baina ezer garrantzitsurik ez. Esanguratsuena, arazo muskularrak izan ziren. Hidratazioarekin eginiko akatsaren ondoren, 60. kilometroan bola igo zitzaidan. Dena den, lasterketaren bigarren zati honetan ur asko edaten saiatu nintzen, eta hala-nola, eginiko akatsaren ondorioak samurtu nituen. Biziraupen proba izan zen niretzat lasterketaren bigarren erdi hau.

3 kilometro faltan Euskadi fundazioko Diego Lopez heldu zen nire gurpilera, eta ia aldi berean, azken kilometrora sartu baina zertxobait lehenago Guerciotti Kiwi Atlantico taldeko Jose Manuel Gutierrez-en gurpilera iritsi nintzen ni. Azken kilometroan sarturik, bertan zegoen jaitsiera teknikoa baliatuz, Jose Manuel pasa eta atzean uztea lortu nuen, 9. postuan gurutzatuz helmuga.

Gustura eta ez-gustura, aldi berean, gelditu nintzen nire lasterketarekin. Gustura, lasterketa joan zen modua ezaguturik, lorturiko emaitzarekin, nahikoa egin nuen. Eta ez gustura hobeto egin nezakeenaren sentipenaz amaitu nuelako, akats ergel asko egin bainituen.

Tierraestella epic izan da nire aurtengo denboraldiko azken lasterketa. Orain balorazioak egin, deskantsatu eta hurrengo urteko denboraldian begirada jartzeko garaia iritsi da.