Asteburua Bielsan

Asteburu honetan ez dut inongo lasterketatan parte hartu, baina Ordesa eta Monte Perdidoko parke naturaleko goi mendiez gozatu ederra hartzeko aukera izan dut, eta nire gozatua partekatu nahi izan dut norbaiti interesgarri egin dakiokenaren esperantzarekin.

Bielsa-n izan naiz. Pirinioetako herri polit honetan ditudan ezagunei urtero bisitaren bat egiten saiatzen naiz, eta oraingoan, bisita mendi bizikletaz gozatzeko aprobetxatu dut. Ainsa-ko “zona zero” btt zentroak diseinaturiko ibilbideetako bi egin ditut.

Larunbatean “ZA-01 Picos de Puerto viejo y Barrosa” izeneko ibilbidea egin nuen. Aldapan gora bizikleta eskuan edo bizkarrean hartu beharreko tarte asko zeuden, eta jaitsiera ere harriz betea zen “trialera” luze bat. Ez zegoen gustura jaisteko tarte handirik, amaierako tartetxo batean izan ezik. Ez zitzaidan ibilbidea asko gustatu egia esan, baina pasaturiko parajeak paregabeak izan ziren. 


Eguna amaitzeko, ondoren Ruegoko pistatik igo nintzen Liena-ko tontorrera. Pista zabala bide guztian zehar, baina bista ikusgarriak bide guztian zehar.

Igandean berriz, “ZA-03 Comodoto” izeneko ibilbidea egin nuen. Aurrez ezagutzen nuen jaitsiera, baina igoera ez. Lehenik Pinetako ermitara igo nintzen errepidez bertako paisaia ikusgarriaz eta lasaitasunaz disfrutatzeko.

Ondoren Comodoto-ko ibilbidea egin nuen. Igoera errepidean hasten da, Espierba-ko herriraino. Ondoren pista batean gora egiten da basoan zehar, eta basotik ateratzean paisaia zoragarriez gozatzeko aukera dago. Igoeraren azken zatia bizikleta bizkarrean eman beharreko malda gogor batean gora egiten da.

Gora iristean, paisaiaz gozatu (edo gozatzen jarraitu) eta behera! Jaitsieraren lehen erdian mendi gailur edo ertzean zehar doa bidexka polita. Bigarren erdian berriz, baso zoragarri batean doan bidexka paregabe batetik egiten da jaitsiera. Zoragarria benetan!

Asteburuari amaiera emateko Urdiceto-ko laku aldera igo nintzen, baina ezin izan nuen lakuraino igo, geratuta bait nengoen, eta ez zidan denborarik eman.

Mendi bizikletarako leku hobeak badaude, eta paisaia politagoak ere bai, baina bien konbinazioa hobea duten leku gutxi aurkituko dituzue.