Vallnord – Kataluniako Kopa 2019

Joan den asteburuan “Copa Catalana” BTT kopa entzutetsuko proban parte hartzeko aukera izan nuen Amets-Urkia BTT taldeari esker. Ez zen edozein proba izan gainera, Vallnord-eko proba baizik, munduko kopako zirkuitoan. Asteburu zoragarria pasa genuen, giro onean, Andorrako paraje ederrez gozatuaz.

Zirkuitoa munduko XCO kopan egiten dutenaren ia berdina zen. Jaitsierarik zailena ekiditeko, zirkuitoa pixka bat luzeagoa zen, beste jaitsiera errazago bat jartzeko, baina %90-a gutxi-gora-behera berdina zen. Gogorra, baina ederra, orain arte ezagutu ahal izan ditudan zirkuitoak ez dira gehiegi izan, baina, dudarik gabe, hau izan da politena

Larunbat arratsaldean izan genuen lasterketa. Bertan mundu mailako espezialista onenetako batzuekin lehiatzeko aukera izan genuelarik. Lasterketa batere presiorik gabe hartu nuen, lasterkari oso onak eta oso zirkuitu polita, irten, gozatu eta ahalik eta hobekien egin.

Irteerako parrilaren kokapenean zortea izan nuen, dauzkadan UCI puntuengatik nahikoa aurrean ateratzea tokatu bait zitzaidan, 20. postuan gutxi-gora-behera. Atera bezain pronto, lehen bihurgunean atzetik zetorren batekin ukitu bat izan nuen, eta nahikoa postu galdu nituen, baina ez zitzaidan gehiegi inporta izan. Lehen bi itzuliak tope egin nituen, eta “bete” egin nintzen. Hirugarren itzulian, estutu beharreko guneetan puntu erdi bat gorde eta ahal zen heinean zerbait errekuperatzeko helburua izan nuen. Nahikoa ongi irten zitzaidan jokaldia, eta azken hiru itzuliak ondo egin nituen, nahikoa azkar eta bete gabe, pixkanaka lasterkariak harrapatzen joanez. 

Lasterketa ona egin nuela uste dut, nahikoa ongi erregulatu nuen, eta zirkuituan nire ezaugarrientzat onak ziren tarteak oso ondo aprobetxatu nituela uste dut. Azkenean 25. postuan sailkatu nintzen. Ez da izugarrizko postua, baina XCO bat izateko, eta zegoen maila kontutan harturik gustura geratu nintzen. Lehen postuetan ibili ziren txirrindulariak beste mundu batean daudela banekien, baina tarteka ongi etortzen da gure mundua beraienetik zein urrun dagoen ikustea, gure benetako maila zein apala den barneratzeko.

Asteburu ederra pasa genuen. Taldeko arduradunek oso giro ona sortua dute taldean, eta ederki ibili ginen Andorrako parajeez eta lagunarte politaz gozatuaz. Eskerrik asko denei!