Granguanche

Zoriontsu, pozez txoratzen, asebeterik. Era honetako adjektibo asko jarri ditzazket nire lehen ultradistantziako lasterketa egin ostean sentitzen dudana deskribatzeko. Ikaragarrizko esperientzia izan da. Ezin naiz ezertaz kexatu; proba izugarri polita izan da, giroa paregabea, eguraldia oso ona… eta emaitzarekin ere oso gustura amaitu dut.

Granguanche lasterketa izan da nire lehen ultradistantziako proba. Agian batzuek ez dute guztiz onartuko honela sailkatzea beste guztiekiko ezberdina baita. Kanariar irlak zeharkatzean datza proba, bost islatan barrena, beraz, tartean ferry-ak hartu behar dira. Honek ezberdintzen du beste ultradistantziako probengandik, non-stop formatua izan arren, ferry-ak hartu beharrak proba baldintzatzen baitu. Ferry-etan jan eta deskantsatzeko denbora duzu, eta hauen ordutegiek irla batzuetan lasai joan ahal izatea ahalbidetzen dute; baina beste irla batzuetan, aldiz, kontrakoa, azkar joan eta beste lehiakide batzuek hartzera iritsiko ez diren ferry-a hartuz gero, hauekiko errenta irabaztea ahalbidetzen du.

Lanzaroteko iparraldean hasi zen lasterketa, urtarrilaren 23an, goizeko 05:00etan, Orzola izeneko kostaldeko herri txiki bezain politean, herrigunetik kanpo dagoen Orzolako ermitan zehazki. Bertan elkartu ginen, 14 herrialde ezberdinetatik joaniko 48 lehiakideak esperientzia honi aurre egiteko asmotan. Denetariko jendea zegoen bertan, batzuk lasai hartu eta eguneko irla bat egin nahian, beste batzuek beren indarrak zein diren jakinik 3 egunetan egitetik jaisteko erronka harturik, beste batzuk berriz, ni barne, ahalik eta azkarren egin nahian, antolatzaileak 41 orduan kalkulatzen zuen erritmo azkarrena jaisten saiatu eta lehena iristen saiatzeko asmotan… Honen arabera bakoitzak gainean zeraman materiala ere ezberdina zen, naiz eta denok, gure kalkuluekin bat, bidean topatu genitzazkeen egoera eta trabak gainditzeko beharrezko guztia generaman, ahalik eta soberako materialik gutxien hartuaz, beharrezkoak soilik.

LANZAROTE

Gure argiak pizturik gogoz irten ginen, erritmo politean, askorentzat lehen erronka goizeko 09:30etan Fuerteventura-ra zihoan ferry-a hartzea baitzen. Lehen kilometroetan zenbait igoera izan genituen, eta jaitsieretan, pertsonalki, tentu handiz jokatu nuen. Gauez, argiekin, oso gutxi ibilia naiz eta gainera lehen jaitsieraren hasieran erbi bat gurutzatu zitzaidan errepidean, hurrengo kilometroetan zuhurtzia are handiagoaz jokatzea eraginez. Goizeko 07:30etan Timanfayako parke naturalean egun argitzen ikustea sentsazio paregabea izan zen, benetan polita. Paisaia bolkanikoko ingurune harritsu beltza da Timanfayako parkea, batzuei izena ezaguna egingo zaizue agian, Eduardo Chillida eskultore donostiarrak bertan gauzatu ez zen proiektu bat egitearekin polemika izan baitzen garai batean. Ferry-a hartzeko nahiko ongi genbiltzan baina 30 bat kilometro faltan konponketa lanetan ari ziren errepide zati batetara iritsi ginen, non, bertan lanean ari ziren gizonek gutxienez bi orduan itxita egongo zela esan ziguten. Ondorioz, atzerantz egin eta GPS-an begiratuz alternatiba bat bilatzea tokatu zen lanetan ari ziren errepide zati honen ordez beste bideren bat aurkitu eta berriro, aurrerago, ibilbidean sartu ahal izateko. Atzerantz egitean, lehiakideak topatuz gindoazen noski, eta honela, talde handi samarra elkartu eta 09:30etako ferry-a hartzeko ordu erdi inguruko tartearekin iritsi ginen Playa Blanca-ko portura. Bertan mokadu bat egiteko aprobetxatu genuen iritsiriko ia guztiok. 110 kilometro eta 1610 metroko desnibel positiboa metatu genuen irla zeharkatzen pasaturiko 3 ordu eta 45 minutuetan.

FUERTEVENTURA

45 minutuko bidaiaren ondoren, Fuerteventura-ra iritsi ginen, Corralejo-ko portura. Bertan lasai samar ibiltzeko aukera izango genuela kalkulatzen genuen, 16:30etako ferry-aren aurrekoak hartzea guztiz ezinezkoa baitzen, eta aldiz, hau hartzeko irla hau zeharkatzeko genuen denborak erritmo lasaiean joan arren, erraz iritsi ahal izatea ahalbidetzen zigun. Honela, pixkanaka pixkanaka 6 bat laguneko taldetxoan egin genuen aurrera, naiz eta zenbait igoeretan Mathias Jäger suitzarra atzera geratu zen. Lanzaroten ere hantzera ibili ginen. Irla honetan paisaia lehorra zen nagusi, desertikoa, argazki politak ateratzeko modukoa; kolore hori, laranja eta marroiak nagusi, ondarrezko dunak zati batzuetan… benetan polita. Dena den, paisaia motaren eta zuzengune luzeen ondorioz, ibilbiderik monotonoena izan zuen irla suertatu zen. Lasai ibili arren, ordubete baina gehiagoko denbora errentarekin iritsi ginen portura, bertako jatetxean tripa ondo betetzeko denboraz. Zerbitzariak oraindik ere gogoratuko dira gutaz seguruenik, eskatzen ari ginen jan eta edan kopurua ikusirik, ezin sinetsi, bitan galdetzen baitziguten eskaturikoa ondo ote zegoen. 135 kilometro eta 2120 metroko desnibel positiboa gainditu genituen Fuerteventura-ko irlaren zeharkaldian, honetarako 4 ordu eta 45 minutuko denbora behar izan genuelarik.

GRAN CANARIA

2 orduko bidaian arrakastarik gabe zertxobait lo egiten saiatu ostean Gran Kanaria-ko irlara iritsi ginen, Las Palmas-eko portura, gauez jada. Bertan genuen ibilbiderik gogorrena, etengabeko gora-beheran, aldapa pikoz josiriko ibilbidea. Ferrytik irten eta kale batzuk zeharkatu ostean, segituan hartu zuen errepideak goranzko joera. Kilometro batzuk egin ondoren, Telde herria igaroko genuen azkena zela jakinik, nonbait geratu eta jan edana erostea adostu genuen taldean. Hemen ere, aurrez bezala, 6 txirrindulari gindoazen batera. Honela, herri amaieran, gasolindegi batean geratu ginen, sandwichen bat, eta fruitu lehor, gaileta edo txokolatezko litxarreriaren bat jan, biderako besteren batzuk erosi eta potoak urez guztiz bete ostean martxari berrekinez. Erritmoa ez zen oso gogorra, baina maldak bai. Nik nire bizikletaren desarrolloa bi egunetarako soilik aldatzea gastu handi samarra zela kontsideratuz, 39ko plater txikia eta 28ko pinoi handiarekin joan nintzen probara eta malda piko hauetan kadentzia falta ederki nabaritu nuen. Dena den, aurrez banekien nire erabakiaren ondorioz hori pasako zela, eta kontziente nintzen honi aurre egin beharko niola, gainditu beharreko ordainsaria zela kontsideratua nuen. Aldapan gora, Cruz de Tejada-ko mendate luzean 4 lasterkari geratu ginen aurrean. Mathias-ez gain Nils Correvon ere berarekin geratu zen atzean, gorputzaldi txarra zeraman gainean. Mendatearen punta 1800 metrotara zegoen, eta gaua izanik, tenperatura baxua zen; benetan hotz egiten zuen. Bertan genuen arropa guztia jarri genuen, nire kasuan behintzat. Eskularruak, lepokoa, txaketa, zira eta hanketakoak; dena jantzi nuen. Kilometro ugari jaitsi ondoren, egina zegoela iruditu arren, igoeratxo ugari izan genituen Agaete-ko portura iritsi aurretik. Luze egin zen. Amaieratik gertu ezusteko bat ere izan genuen, Justinas Leveika erori egin zen bihurgune itxi batean. Zorionez eroriko txiki bat izan zen soilik eta ez zuen minik hartu. Handik aurrera geratzen zen jaitsieraren azken zatia oraindik eta tentu handiagoz egin genuen. 00:45 aldera iritsi ginen portu aldera. Ferry-an hondartza inguruan etzan eta lo egiteaz hitz egin genuen, baina Joe-k telefonoz hotel batean bi gela hartzea lortu zuen, beraz, dutxa azkar bat hartu eta ordu gutxi batzuk ohean lo egiteko luxua izan genuen goizeko 06:00etako Tenerife-rako ferry-a hartu aurretik. 115 kilometro eta 3000 metroko desnibela gainditu genuen Gran Kanaria-ko errepideetan barrena gau hotzean.

TENERIFE

Ferry-an gosari majoa egin ostean, eguna argitzearekin batera iritsi ginen Tenerife-ko irlara, Santa Cruz-eko portura. Bertan erronka handi samarra genuen aurrean, lasterketako garaipenaren lehia hasten baitzen. Ibilbide gogorra genuen aurretik eta antolatzailearen eta zenbait lehiakide kanariarren esanetan 14:30etako ferry-a hartzea oso zaila zen, beraien esanetan ia ezinezkoa gainean generaman pilaturiko nekearekin. Dena den, zaila baina posiblea zela iruditzen zitzaidan niri, eta antolatzaileari baietz norbait iritsi zerbeza pare bat jokatu nizkion. Ferry hori hartzeak edo ez hartzeak garaipenaren jokoan egon edo lehiatik kanpo geratzea esan nahi zuen, hurrengo ferry-a ordu eta erdi beranduago baitzen, ondorioz tarte hau sartuko geniokeen hartzen ez zuenari.

Faktore hau medio, erritmo politean ekin genion ibilbideari, deskantsurik egin ezinik izango ginela jakitun. Mathias eta Nils-ek erritmoa beraientzat agian gehiegi izan zitekeela kontsideratuz, hasiera samarrean, atzera geratu ziren, beraientzat egokiagoa izan zitekeela iruditzen zitzaien erritmo bat hartuz. Lehen portua igo eta jaitsi ostean San Cristóbal de la Laguna-ko hiria pasa eta Teide sumendian gora abiatu ginen. Gasolindegi edo dendaren bat ikustean, azkar batean, ura hartzera geratzea adostu genuen. Arazoa, jada beranduegi zela izan zen, ez baikenuen urik hartzeko aukera ematen zuen lekurik pasa; ez denda, taberna, gasolindegi edo iturririk. Teideko portua hasi bezain pronto Joe atzera geratu zen, erritmoa biziegia zen berarentzat ematen zuenez. Honela Ulrich, Justinas eta hirurok aurrera egin genuen erritmo politean, Ulrich zelarik buruan erritmoa jartzen zuena denbora zatirik handienean. Orduari begiratu eta falta zen distantzia ezagun, ferry-ra iritsiko ginela kalkulatzen genuen. Dena den, Teide mendatea amaiezina egin zitzaidan. 54 kilometro ziren, baina ia 30 faltan jada goian zara, eginda dagoenaren sentsazioarekin, baina bertan etengabeko ibilbide gora beheratsua gainditu behar da jaitsiera hasi aurretik eta inoiz amaitze ez denaren sentsazioa transmititzen du. Gainera, nire kasuan behintzat, denbora asko neraman urik gabe, eta nabaritzen hasia nintzen, ez nuen indar gramo handirik soberan. Azkenik, ordubete soberan genuelarik iritsi ginen portura hirurok. Jatetxe italiar batean eseri eta azkar batean, zerbitzariak estresatu ostean, bazkari legea ere egin genuen ferry-ra igo aurretik. Hala ere, Nils, Joe eta Mathias ere iritsi ziren azkenean ferry-ra. 142 kilometro eta 3485 metroko desnibel positiboa gainditu genituen 6 orduko denboran, Tenerife irla zeharkatu eta Los Cristianos-eko portuan La Gomera-rako ferry-a hartzeko.

LA GOMERA

La gomerara iristerako, ferry-an gurekin zijoan antolatzaileak, irten aurretik denak batera argazki bat atera eta guztiok batera hastea lehian proposatu zigun, ferry-tik inor ez zedin korrika batean presaz jaisten hasi. Aldi berean, maldan behera ziren azken 25 kilometroak neutralizatuak izango zirela ere esan zigun. Haizeak gogor jotzen duen zati arriskutsuan zen jaitsiera, eta gauez egingo genuenez gainera, bada-ez-bada, azken sailkapena goian pasaturiko ordenak markatuko zuela esan zigun, inork ez zezan arriskurik hartu jaitsieran,. Beraz, garaipenaren jokoa aurreko guztia ahaztu eta 100 kilometroko lasterketa bizia bailitzan jokatuko zen.

Arau hauekin, argazkiak atera ondoren, San Sebastián de la Gomera-ko kaleak pasa ostean maldan gora hasi ginen. Lehen metroan bertan Ulrich-ek izugarrizko erasoa jo zuen, tarte handia ateraz guztioi denbora gutxian.Nik argi neukan bera zela indartsuena baina ez nuen garaipena hain merke saltzea pentxatzen, eta bere bila irten nintzen ezer gehiagotan pentsatu gabe, hil edo bizian. Nahiago nuen irabazten saiatuz lehertu eta postu batzuk galdu, saiatu gabe bigarren amaitu baino. Honela, atzera begiratu gabe erritmo indartsu eta konstantean nindoan aldapa gora, atzetik norbait gurpilean sartzen saiatu arren, oso denbora gutxian atzera geratu zen, eta pixkanaka-pixkanaka Ulrich-i tartea janaz nindoan. Portua amaitzeko pare bat kilometro faltan harrapatu nuen, eta erritmoa jaitsi gabe, elkarren artean pare bat hitz gurutzatu ostean, berriro tartetxo bat ireki zidan, baina berriro ere harrapatu nuen. Izugarri motibaturik nindoan, gozatzen, egin beharreko esfortzua irlaren zeharkaldian oso gogorra izan zitekeela pentsatzeak ere motibatu egiten ninduen, sadismo moduko batez, sufritu beharraren pentsamenduak gozamena sortuaz.

Zenbait kilometrotan aldapan behera egin ostean, Hermigua herria pasa eta gorantz hasi ginen berriro. Su batean gindoazen, kilometro pare batean amaituko balitz bezala, naiz eta ibilbide gogorra izan aurretik oraindik. Parean jarri eta elkarri gurpila sartuz gindoazen, tarteka segundoren bateko tarteren bat irekiaz agian, baina batera. Agulo pasa eta zenbait kilometrotara, oso malda pikoak zeuden zati batean, metro batzuk galtzen hasi nintzen. Hala ere, gogor bultzatzen jarraitu nuen, gertu mantendu nahi nuen, presioa eginez, edozein momentutan berriro gurpilera sartu nintzatekeela erakutsi eta arnasa hartu eta erritmoa jaisten ez utziaz. Horrela jarraitu genuen aldapa gogorretan gora kilometro batzuetan. Tartea handitzen zihoan Ulrich, baina ez zegoen oso urruti hala ere, pare bat minutura gehienez.

Portuaren azken zatian sartzean, baso itxian, erreferentzia bisuala galtzen hasi nintzen, eta gainera, aldapa gogor haietan nire 39x28ko desarrollo gogorra mugitu beharra ere oso gogorra egiten ari zitzaidan. Aldapa gogor haietan, gainean neraman nekearekin, 3 pinoi handiago izan banitu denak sartuko nituen. Portuaren amaierara iristeak arnasa eman zidan. Zati gora beheratsu eta jaitsiera baten ostean, irlaren mendebaldera iritsi nintzen, Arure herrira, bertan ekialderantz hartu eta azken aldapan gora hasiaz. Aldapa etzana baina luzea zen, irekia, inongo zuhaitz edo babesik gabea. Urrutira ere ez nuen ikusten Ulrich jada, beraz, harrapatzeko inongo aukerarik ez nuela izango barneratu nuen segituan. Hala ere, erritmo bizian segitu nuen aurrerantz, sentsazio onekin. Haizea ere zertxobait alde genuen, lasterkariok helmugarantz bultzatuz. Igoera gaua iristearekin batera amaitu nuen. Pozez, argiak piztu, eskularruak jantzi eta kantuan egin nuen azken jaitsiera.

Oso pozik amaitu nuen proba. Ikaragarri disfrutaturik eta eginikoarekin oso gustura. Ulrich Bartholmes ultradistantziako txirrindularirik onenetakoa da, onena agian, eta bere atzetik iristen lehena izatea izugarria da niretzat, ohore bat. Benetan proba zoragarria izan zen. 5 irletan barrena ibiltzea paisaia ezberdinak ikusiz bakoitzean zoragarria izan zen, guztiz gomendagarria. Gainera, izugarrizko giro ona genuen lasterkarion artean, eta ferry-etan elkartu egiten ginenez, bertako giroa zoragarria izaten zen. Lasterketa mota hau oso ezberdina da, lehia nagusia bakoitzak bere buruarekin baitu. Gainera, gaua, nekea,  jan, edan eta lo falta… kudeatzen ere jakin behar dira, aldagai asko sartzen dira jokoan. Nire lehen ultradistantziako lasterketa izan da, eta oraindik asko dut ikasteko aspektu askotan; gaua, hotza, jana… kudeatzen, baina nahiko ziur nago ez dela nire azken mota honetako lasterketa izango.

Azkenik, ez nuke amaitu nahi animatu edo jarraitu nauzuen guztioi eskerrak eman gabe, ikaragarri eskertzen dira animoak eta interesa, benetan, eta abentura honetan ezaguturiko jende zoragarri guztia ere ez nuke ahaztu nahi. ESKERRIK ASKO GUZTIO!!!!

Argazkiak: Matteo Minelli, Sergio Villalba, Michal Makyo, Mathias Jäger

Nire Granguanche lasterketaren inguruko zenbait esteka:

Atarian elkarrizketa, ataria irratian elkarrizketa, “Construyendo ultraciclismo” podcastean elkarrizketa